Justo Lillo
- "0-5 irabazi arren, azken finean hiru puntu dira. Betiko partida jokatu genuen. Orain arte ere horrelako partidak egin izan ditugu. Adibidez, aurreko berdinketakoa, niretzat ez zen partida kaxkarragoa izan".
- "Lehen gola sartzea kosta egin zitzaigun. Lehen zati horretan bi zurtoin, buruz aukera garbi bat eta penalti bat huts egin genituen. Behin lehena sartu genuenean, beste guztiak iritsi ziren".
- "Baloia denbora guztian gurea izan zen. Hasieratik bukaera arte jaun eta jabe izan ginen; nagusi".
- "Kasualitatez, aurreko egunean jokalari batzuei esan nien, bat-batean 4-0eko edo 5-0eko partida bat izango genuela, eta horrela gertatu zen. Kontua da aukera asko egiten ditugula, eta batzuetan asmatu egiten duzula eta besteetan ez. Bolada kontua da".
- "Taldea oso ondo ikusten dut, arazorik gabe. Partidan Vecinok eta Gorkak kolpe batzuk jaso zituzten eta ez dira entrenamenduan izango. Horrek erakusten du 0-5ekoa ez zela ematen duen bezain erraza izan. Partida gogorra izan zen. Beraiek baloirik ez zuten ikusi, eta ondorioz, gogor aritu ziren".
- "Hurrengo partida Mutrikuren aurkakoa izango da. Igandean, 16:30ean Usabalen".
- "Gure partida bukatu ondoren Mutrikurena ikustera joan nintzen. A zer nolako taldea. Maila honetarako perfektua. Agian gehiegi ez dute jokatzen, joko landuaren ikuspegitik, baina erasoko trantsizioak orduko 100ean egiten dituzte; abaila izugarrian. Zelaiaren gainean gure marrazki berdina dute, eta gauzak oso garbi dituzte. Jende oso azkarra eta indartsua daukate, eta teknikoki ere ez dira txarrak".
- "Non gauden jakiteko aurkari polita izango da Mutriku".