Tolosa Eskubaloiak aurkari zuzenaren aurka kale, 33-22

Ataria 2015ko aza. 23a, 19:15

Egun pattala izateko jardunaldi txarra aukeratu zuen Tolosa Eskubaloiak. Sailkapen nagusiko lehen bien arteko partidak bi aurpegi izan zituen: lehen zatia eta bigarrena.

Lehen zatian markagailua parean joan zen, eta jokoan, bi taldeen artean ez zen desberdintasun handiegirik izan. Atsedenaldira, 13-12 iritsi ziren. Etxekoak, Uharte, aurretik. Esperotako partida zen, izan ere, bi taldeek ordura arte jokatutako zortzi partidak irabaziak zituzten.

Bigarren zatia ildo beretik joango zela zirudien. Baina talde nafarrak abantaila hartu zuen hasi orduko: 16-13. Horrez gain, 4. minutuan Aitor Diaz de Cerio kaleratu zuten eta hutsune hori aprobetxatuz aldea ireki zuten Uhartekoek: 20-14. Urdinak nahastu egin ziren, eta erasoan ezinean ibili ziren. Alde batetik nafarren defentsa gogorra eta bestetik atezaina topatu zituzten tolosarrek. Hori nahikoa ez eta Tolosak defentsan behera egin zuen. Gauzak horrela, 33-22 iritsi ziren partida amaierara.

Emaitza horrekin Tolosa Eskubaloiak bigarren postuan jarraitzen du bederatzi jardunaldiren ondoren. Kaltetuta geratu ziren urdinak; porrotagatik, markagailuko aldeagatik eta erakutsitako jokoagatik. Bi taldeen arteko diferentzia ez baita hori.

Azpimarratzeko lana egin zutenak Ioritz Goikoetxea eta Iñigo Arratibel izan ziren, seina golekin.

Larunbat honetan beste partida gogor bat izango dute tolosarrek, Anaitasunaren aurkakoa. Hirugarren sailkatua da talde nafarra, bi puntu gutxiagorekin. Partida oraingoan etxean jokatuko dute urdinek, larunbatean, 18:00etan Usabalen. Lehen porrota ahaztu eta orain arteko bidean jarraitzea izango da Tolosaren helburua.

Bigarren taldeak ere ezin
Bigarren Nazional Mailako taldeak 30-26 galdu zuen Arrasateren etxean. Liderraren aurka partida ona jokatu zuten urdinek, eta atsedenaldira 16-15ekoarekin iritsi ziren. Bigarren zatian Arrasatek gidaritza hartu zuen, eta markagailuan alde egin zuten. Eneko Zigandaren 10 golak azpimarratu behar dira Tolosaren aldetik.

Larunbat honetan Aloña Mendiren aurkako partida izango da Usabalen, 16:00etan. Sailkapen nagusian hirugarren postuan doaz oñatiarrak. Beraz, goran dabiltzan bi taldeen arteko lehia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!