Zesta punta partida ikusgarriak jokatu dituzte Beotibarren

Asier Imaz 2015eko azaroaren 23a

Zesta punta partidak jokatu ziren asteburuan Tolosako Beotibar pilotalekuan. II. Elolaren Oroimenezkoa, Market Supermerkatuak Sariko final laurdenak jokatu ziren. Guztira, lau partida.

15 tantoko bi set jokatu zituzten bikoteek. Berdinketarik ez zen egon, baina egongo balitz, bost tantora jokatuko litzateke hirugarrena.


Larunbatean, Iturbe-Urangak galdu egin zuten, Landa-Ehkiren aurka: 0-2 (10/15 eta 11/15). Bigarren partidan etxeko pilotariak jokatzen zuen, Arkaitz Izagirrek. Antxon aurrelariarekin batera 2-0 (15/11 eta 15/13) irabazi zuten euren kanporaketa, Arbe eta Zabalarren aurka.


Beste bi final laurdenak igandean jokatu ziren. Lehen partida Aimar-Andonegik irabazi zuten, Alberro eta Alberro II.aren aurka. Azken honek Ihitsague ordezkatu zuen. Emaitza 2-0ekoa (15/14 eta 15/12) izan zen. Bigarren partidan Roke-Ubillak 0-2 (8/15 eta 14/15) galdu zuten Barandika eta Lekerikaren aurka.


Bi jardunaldiak ikustera gerturatu ziren ikusle kopuruarekin gustura zeuden Beotibar Zesta Punta Elkarteko kideak. Aurreko urtean jokatu zen Elolaren Oroimenezkoaren lehen edizioa, eta orduko final laurdenetan baino jende gehiago urbildu zen Tolosako Beotibar pilotalekura asteburu honetan. Kirol maila ere azpimarratu nahi izan dute Beotibar Zesta Punta Elkartetik. Bai larunbatean eta baita igandean ere, partidak oso berdinduak atera ziren.


Hurrengo partidak final aurrekoak izango dira, eta abenduaren 5ean jokatuko dira Tolosako Beotibarren, 11:30etik aurrera. Orain arte bezala, afizionatu mailako pilotari onenak dohain ikusteko aukera egongo da data horretan. Lehen finalerdia Landa-Ekhik eta Antxon-Arkaitzek jokatuko dute. Bigarrena, Aimar-Andonegik eta Barandika-Lekerikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!