Jaia alaitzeko pilota alaia jarri dute Tolosan, Elolaren oroimenez

Asier Imaz 2015ko aza. 19a, 08:37

Pilota modalitaterik azkarrena; pilota alaia; zesta punta. II. Elolaren Oroimenezkoa, Market Supermerkatuak Saria, larunbatean hasiko da.

Tolosan Babarruaren festa dago, eta zesta puntak bat egingo du jaiarekin. Parte hartuko duten pilotariek zeresana eman dute, afizionatuetan jokatuko duten azken txapelketa izango baita askorentzat. Elolaren Oroimenezkoa eta gero, Ameriketako Estatu Batuetara joango dira, profesional bezala denboraldi bat egitera. Kirol maila, beraz, ziurtaturik dago Beotibar pilotalekuan.


Hilaren 21ean, larunbatean, bi final laurden jokatuko dira. Iturbe-Uranga eta Landa-Ekhik jokatuko dute lehen partida. Ondoren, Antxon-Arkaitz, iazko txapeldunak, eta Arbe-Zabala irtengo dira kantxara.
Hilaren 22an, igandean, falta diren bi final laurdenak jokatuko dira. Lehena, Aimar-Andonegi eta Alberro-Ihitsagueren artekoa izango da. Eta bigarrena, Roke-Ubillaren eta Barandika-Lekerikaren artekoa.


Txapelketako beste partidak, finalerdiak eta finala, beste jai baten inguruan jokatuko dira. Tolosan, abenduko lehen asteburu luzean Txuletaren Festa egingo dute, eta Elolaren Oroimenezko zesta punta txapelketa egitarauan egongo da. Finala, abenduaren 8an izango da.

5 esalditan, Andoni Lertxundi,Beotibar Zesta Punta Elkartea
1 «Aurten bigarren edizioa antolatu dugu Beotibar Zesta Punta Elkartetik. Txapelketaren izen osoa ondorengoa da: II. Elolaren Oroimenezkoa, Market Supermerkatuak Saria. Iaz bezala, Mahala ere laguntzaile izango dugu, Insalus eta Kopitek-ekin batera».
2 «Euskal Herri mailan dauden afizionatu onenak etorriko dira Tolosara. Txapelketa hau punta-puntako afizionatuen topagune eta erreferente bilakatu nahi dugu».
3 «Hurrengo urtean, Euskadiko Federazioak proiektu berri bat jarriko du abian, zirkuitu moduko bat. Elolaren Oroimenezkoa zirkuitu horretan egongo da, beste hainbat txapelketekin batera».
4 «Arkaitz Izagirre izango da gure elkarteko ordezkaria, iazko txapelduna. Finalistak ez ditugu bikotez aldatu; bere horretan mantendu ditugu».  
5 «Munduko txapeldunak, txapeldun ordeak... izango dira. Hamasei pilotaritatik sei abenduan Ameriketako Estatu Batuetara joango dira, profesional bezala debutatzera. Afizionatu mailako azken txapelketa izango da beraientzat».

 

5 esalditan, Fernando Elola, Beotibar Zesta Punta Elkartea
1 «Lehen edizioa oso emozionantea izan zen guretzat. Aurten ere bide horretatik jarraitu nahi dugu. Gure aitak, Goio Altunaren aitarekin batera sortu zuten txispa hori mantendu nahi dugu».
2 «Zesta punta bizimodu bat zen aitarentzat, ez bakarrik kirola. Kantxa barruan eta kanpoa loturik zegoen berarentzat; bateko baloreak besteak aplikatzen zituen. Errespetu, etika, moral hori. Txapelketan, partida hasieran, pilotariei dekalogo moduko bat emango diegu, balore horiek trasmititze aldera».
3 «Gure ama zoriontasunez betetzen duen txapelketa da. Iazko kartela mahai gainean jarrita dauka, oraindik. Etxekoentzat oso egun bereziak izaten dira».
4 «Joko alai bezala ezagutua da zesta punta Jai Alaietan. Munduko pilota modalitaterik azkarrena da slogan bezala erabiltzen dutena bertan. Oso joko ikusgarria da, eta gerturatzen dena harriturik gelditzen da».
5 «Afizionaturik onenak etorriko dira; zesta puntaren egoera beste bat izan balitz, profesionaletara aspaldi emango zuten jauzia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!