Herritarren parte hartzea sustatzeko "beste pauso bat" eman nahi dute Tolosako EH Bildutik

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 18a, 12:36

Ibai Iriarte eta Maria Lasa EH Bilduko zinegotziak, prentsa agerraldian.

Egin dezagun Tolosa guztion artean dinamika aurkeztu dute Ibai Iriarte eta Maria Lasa zinegotziek. "Argi dugu politika egiteko forma berrietan sinisten dugula eta hori garatzen jarraitu nahi dugula oraingo honetan ere", azaldu dute. Dinamikaren lehen saioa datorren astelehenean izango da.

"Udal gobernuan egon garenean partaidetza bultzatu dugun moduan, orain oposiziotik ere partaidetzan pausoak ematen jarraitu nahi dugu", zehaztu dute Tolosako EH Bilduko udal taldetik. "Hasieratik argi esan dugu oposizio eraikitzailea egingo dugula, eta udalean proposamenak mahai gainean jartzeko asmoa agertu dugu". Politika egiteko "forma berrietan" sinesteaz gain, hori ere beraien lan egiteko moduan nabaritu behar dela diote: "Zentzu horretan pauso bat gehiago emateko sortu dugu berehalakoan martxan jarriko den dinamika hau".

Dinamikak Egin dezagun Tolosa guztion artean izena du, eta herritarrek nahiz herriko eragileek parte hartzeko, iritzia emateko eta ekarpenak egiteko "tresna aproposa" dela uste dute: "Foro parte hartzaile hau legealdi osoan martxan izango da eta helburu bezala du urtean bizpahiru hitzordu antolatzea. Herritar orori irekiak izango dira eta EH Bilduren udal jarduna elikatzeko oso baliagarriak izango direla espero dugu".

Argi utzi nahi dute dinamika ez dela sortu ohiko batzarren funtzionamendua izateko. "Hitzordu hauek parte hartzaileak eta dinamikoak izateko helburua duenez, antolaketa eta planteamendu fresko batekin datoz". Batzar irekira joaten diren herritarrak talde txikitan jarriko dira hauen iritzi eta hausnarketak jaso ahal izateko. Talde dinamizatzaileak izango dituzte eta aldiro gai nagusi batzuk aukeratuko dira horien inguruan hitz egiteko. Dinamika hauen lehenengo saioa datorren astelehenean izango da, azaroak 23, 19:30ean, kultur etxean. Bertan udal gobernuaren jardunaz eta EH Bilduren hautetsien lanen inguruan hitz egingo da, besteak beste.

"Udalaren lana eta gurea bera ere antolatu, indartu eta osatzeko sarea sortzea da helburua, eta horretarako garrantzitsua da herritarrekin hausnarketak partekatzea", esan dute EH Bildutik. "Bidea azken helmuga bezain garrantzitsua delako herritarrak saretu nahi ditugu EH Bilduren inguruan, eta EH Bilduk herri hau eraldatzeko tresna izan behar du. Etorkizun biziko Tolosa indartsu, orekatuago, euskaldunago eta parekide bat sortzeko tresna, hain zuzen. Uste dugu gu guztiok, tolosarrok, bide honen parte izan behar dugula".

Astelehenean egingo den dinamikaren lehen saiora gonbidatu dituzte bai tolosarrak eta baita eragile guztiak ere. "Herritar guztiak gonbidatzen ditugu lasai etortzera, denok dugulako zer egina, denok dugulako zer esana, eta maila ezberdinetako inplikazioa uztartzen eta batez ere denon iritziak jasoz, EH Bilduko zinegotziak gure lanean askoz ere eraginkorragoa izango garela sinetsita gaudelako", azaldu dute.

Astelehenean kultur etxera joan ezin duenak bere ikuspuntuak eta ekarpenak jasotzeko bideak izango dituela gaineratu dute, Twitter edo Facebook bezalako sare sozialen bidez edo tolosa@ehbildu.eus posta elektronikora idatziz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!