Penaz, baina harro

M.Iraola 2015ko aza. 16a, 17:30

TAKEk 66-65 galdu du liderraren etxean, Santurtzin. Azken segundoan irabazteko aukera izan zuen

Emaitzak baloratu eta ondorioak ateratzerako orduan alderdi askori begiratu behar izaten zaie. Negatiboek izaten dute positibotik, ia beti. Baita alderantziz ere. Kasu honetan, ordea, sentimendu kontrajarriak azaleratzen dira.

Alde batetik, pena. Pena azken segundora arte liderraren etxean irabazteko aukera izan zuelako TAKEk. Hiru segundoren faltan azken jokaldia egiteko aukera izan zuen baina Lander Lasak ez zuen asmatu. Partida bikaina jokatu zuten tolosarrek, eta azken unean nagusitu zen talde bizkaitarraren indarra.

Bestetik, harrotasuna. Harrotasuna ekonomikoki askoz ere indartsuagoa den talde baten aurka buruz-buru lehian aritu zelako, jokalari altu eta indartsuagoak dituelako, eta amorerik eman gabe borrokatu zuelako. Sinesteak duena.

Bikain irakurri zuen partida talde tolosarrak: "Guk markatu genituen denborak. Jokoa moteldu genuen, ez genion erritmorik eman, eta Santurtziri joko azkarra gustatzen zaio" dio Gonzalezek. Markagailuan aurretik ikusteak indarra eman zion taldeari eta 7-12 aurreratu zen lehen laurdenean. Atsedenaldira, berriz, bi puntuko aldeaz irabazten iritsi ziren.

Hirugarren laurdena ere aurrekoen bide beretik hasia zen. TAKEk zortzi puntuko aldea irekitzea ere zabaldu zuen. Santurtziarrak urduritzen hasiak ziren baina partida erabakitzen ez zuen asmatu. "Defentsari esker lau jokaldiz jarraian ez zuten saskiratzerik izan, baina erasoetan guk ere ez genuen asmatu. Uste dut hori izan zela gakoa".

Azken laurdenean hartu zuten aurrea bizkaitarrek. 40 segundoren faltan hiru puntuko aldea zuten markagailuan, eta hurrengo jokaldian tolosarrak puntu bakarrera urbildu ziren. Jarraian, defentsa onari esker, Santurtzik huts egin zuen, eta azken segundoetan, ezin saskiratu. Penaz, baina harro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!