Eta orain lidertzaren bila

M.Iraola 2015eko azaroaren 16a

28-25 irabazi dio Tolosa Eskubaloiak Askartzari; datorren asteburuko neurketan pentsatzen da dagoeneko, bertan erabakiko baita lidertza

Erlaxatzea debekatuta. Ideia horrekin irten ziren kantxara Tolosa Eskubaloiko jokalariak larunbatean. Neurketa arriskutsu bezala definitu zuen Noguesek, izan ere, Eibar eta Trapagaran indartsuen aurka irabaztetik zetozen, eta hurrengo bi asteetako neurketak ere oso garrantzitsuak direla ikusita, ez zuen lasaitasunean erortzerik nahi.
 
Askartza sailkapeneko beheko postuetako taldea izan arren, ez zen erraza izan izan garaipena lortzea, eta uste baino gehiago borrokatu behar izan zuten tolosarrek.
 
Neurketaren hasieratik kontzentratuta eta garaipenaren bila irten ziren urdinak, eta bostgarren minuturako 4-1 aurreratu ziren markagailuan. Bizkaitarren defentsaren gogortasunak eta erasoko hainbat akatsen ondorioz, 10-8kora gerturatu ziren kanpotarrak. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, berriro ere tartea zabaltzea lortu zuen Tolosak: 15-9.
 
Bazirudien Tolosak garaipena eskuetan zuela, are gehiago bigarren zatiaren hasiera lehenaren pareko izan zela ikusita. Baina berriro ere jaurtiketetan ez zuten asmatu, eta horrek bizia eman zion Askartzari. Aitor Ibarguren atezainaren geldiketek eta Aitor Aranbururen sei golek lasaitasuna eman zioten Tolosari. Bizkaitarrek markagailuan gerturatzea lortu bazuten ere, garaipena etxean geratu zen. 28-25.
 
Partida txukunena egin gabe Tolosak irabazten jarraitzen du, baina datorren astean izango du orain arteko koskarik handiena. Berarekin batera galdu gabe dagoen Uharteren etxean jokatuko du larunbatean 18:45etik aurrera. Hor erabakiko da zein izango den liderra.

Bigarren taldeak ezin

Neurketa gogorra jokatu zuten Tolosak eta Zarautzek. Bi taldeetako edonork irabaz zezakeen partida. Lehen zatian tolosarrak aurreratu ziren markagailuan 19-18. Bigarren zatian, zarauztarrek hiru goleko aldea ere izan zuten, eta Tolosak estutu arren, ezin izan zuen porrota saihestu. Hurrengo astean Arrasateren aurka jokatuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!