Iker Uson: «Garrantzitsua da bi bandoen diskurtsoarekin amaitzea»

Iñigo Terradillos 2015ko aza. 12a, 11:33

Memoria bera gatazkatzat du Iker Uson tolosarrak, baina eztabaidaren balioa nabarmendu du Baketik-eko kideak

Memoriaren Egunaren harira, Tolosako Bizikidetza Foroak hitzordu berezia prestatu zuen, atzo iluntzean, Topic aretoan: Bizikidetzarako testigantzak. Juan Mari Uriarteren Reconciliación liburua oinarri duen filma eskaini zuten, lehenengo eta, ondoren, eskualdeko lau biktimak beren bizipenak partekatu zituzten, Iker Usonen gidaritzapean.

Zein garrantzia du, sentsibilitate desberdineko lau pertsonak beren testigantzak kontatzeak?
Testigantzen aurretik, ekitaldiaren beraren antolatzaileek ere badute garrantzia. Tolosako Bizikidetza Foroaren lana da, eta azpimarratu egin behar dela uste dut, orain dela bost urte, ziur aski, ia miraritzat joko baikenuen, sentsibilitate desberdineko hainbeste pertsona talde berean elkartzea. Bestetik, testigantzei garrantzia eman nahi izan dio foroak. Memoria hainbat modutara egin daiteke, baina testigantzena modu egokia dela uste dut, zuzenean jasotzen baitira, eskubide urraketak jasan dituztenen bizipenak. Hamarkadatan, hainbat urraketa ikusi ditugu, eta hori bizkar gaineko zama bezala hartu behar ez dugun arren, onartu egin behar dugu. Oso garrantzitsua da pertsona eta bere duintasuna erdian jartzea, sentsibilitate politikoak alde batera utzita. Izan ere, modu horretan, bizitza jartzen da erdian.

Aldamenekoari entzun eta bere lekuan jartzea gakoetako bat da?
Helburua hori izaten da, enpatiaren behar handia baitago gizartean. Bizikidetzak bestearen lekuan jartzea eskatzen du, baina baita bestearen eskubideak norbere eskubideak bezalaxe ikustea ere. Erraza da esaten, baina zaila egiten eta, are gehiago, desberdin pentsatzen dutenen artean. Dena den, testigantzak partekatzen dituztenei ez dizkiegu mezu politikoak entzuten; beren gertukoak nola erail zituzten entzuten diegu. Eta, areago, nire ustez, ez daukatela mendeku mezurik, aurkakoa baizik. Beraz, beraiek bezainbeste sufritu ez dugunok badugu zerbait gure aldetik jartzeko, beste ikuspuntuak ulertzeko, eta pertsona erdian jartzeko. Orduan konturatuko gara, adostasun handi batera irits gaitezkeela.

Tolosako Bizikidetza Foroaren lana nabarmendu duzu. Zergatik da hori posible, adibidez, Tolosan, eta ez erakunde orokorragoetan?
Demokrazian ezinbestekoa da alderdi politikoen papera, eta alderdien muinean dago besteengandik desberdintzea. Are gehiago, iristear dauden hauteskundeetan: ni txuria naiz eta zu beltza, edo beste kolore batekoa. Horrek ezaugarri positiboak badituen arren, horrelako gai konplexuetan, alderdiei zail suertatzen zaie ados jartzea, akaso prest ere ez daudelako. Inertzia batean pasatu ditugu hamarkadak, baita herritarrok ere, bestearen hanka sartzea geurea baino lehen ikusiz. Alderdi politiko batzuk inertzia hori puskatzeko borondatez daude eta, beste batzuk, esango nuke, beldurrez. Izan ere, inertzia hori amaitzear denean, zer? Orain arte arerio zituztenekin jendaurrean azaltzeak botoetan eragina izango duen ere kalkulatzen dute. Horrenbestez, horrelako foroak garrantzitsuak dira, herritar zein politikoei erakusten dietelako, elkarrizketarekin posible dela adostasun batzuetara iristea. Bide horretan, Tolosako foroaren jarduna eredugarri izan daiteke Tolosako alderdi politikoentzat ere. Badakigu herritarrek baino karga handiagoa dutela, baina beren aldetik ere jarri egin behar dute.

Inertzia hori puskatzeko, urte hasieran aurkeztu zuen, Baketik-ek, euskal gizartean aurrera eramateko prozesu parte hartzaile bat. Nola doa prozesua?
Herri bakoitzak bere erritmoa eta ikuspegia du, eta horrek bere zailtasuna ematen dio: gauzak ezin dira errepikatu, herri bakoitzak bere historia izan duelako. Guk honakoa plazaratu genuen urtarrilean: bakea hauxe dela eta konpon zitekeena konpondu dela pentsatzea arrisku bat da prozesuarentzat. Uste hori puskatu egin behar da, eta bake prozesuak herritarren laguntza behar du; behetik gora, herritarrek politikariei proposamenak egin diezazkiekete. Tokian tokian, egitasmoa bere eragina izaten ari da, eta horren adibide da Tolosakoa: foro diskretu edo txiki bezala hasi zen. Beste herri batzuetan, berriz, alderdiei politika sendoagoak eskatu dizkiete. Azken finean, helburua da gai horiek zakarrontzi batean ez geratzea, eta jendea konturatzea, bakea eta bizikidetza orain duguna baino zerbait gehiago dela. Denborak erakusten digu, 1936ko gerraren ondoren, trantsizioan, zenbait gauza ez zirela mahai gainean jarri, eta orain atera direla. Auzi honi, beraz, orain heldu behar zaio, eta ez pentsatu denborak dena sendatuko duela, ikusi baitugu, kontrakoa lortzen duela: saminak handitu egiten dira.

Datorren urteko EAEko aurrekontuetan, biktimen gaiak isla badu, jaurlaritzak ekitaldi batzuk egingo baititu, 150.000 euro baliatuz. Aurtengoa hirukoiztu egin dute, hausnarketa positiboa al da?
Horrelakoetarako diru gehiago bideratzea beti hartu behar dugu positibotzat, baina, politika publiko honetan, gehiago da gauzak aurrera eramateko borondatea eta determinazioa izatea, dirua bera baino. Beharrezkoa da, noski, baina, diru asko izanda ere, alderdi eta herritarren artean errekonozimendu horiek egiteko borondaterik ez badago, ez dira egingo. Zorionez, poztu gaitezke diru publikoa egongo delako, askotariko biktimak omentzeko eta, orain, geratzen zaiguna, hori herri eta kaleetara zabaltzea da. Garrantzitsua da, bi bandoen diskurtsoarekin amaitzea. Giza eskubideen ikuspegitik, urraketa mota bakarra egon da, eta biktima guztiak pertsonak dira.

Alderdi politiko guztientzat, ordea, biktima guztiak ez dira berdinak eta, adibidez, Villabonako EH Bilduk hori salatu zuen asteartean.
Horrekin ez dugu gehiegi frustratu behar, nire ustez. Zorionez, Villabonan eztabaida hori dago orain, eta duela 10 urte ezinezkoa zatekeen, ziur aski. Ez dira ados jarri, baina gaia mahai gainean dago. Informazio iturri desberdina daukate: batzuek jaurlaritzaren txostena, eta besteek Euskal Memoriaren ekarpenak. Zer proposatuko nukeen ikuspegi eraikitzaile batetik? Bada, has dezatela prozesu bat udal horretan, dokumentu desberdinen inguruan eta, ea hurrengo urtera begira, zerbait adostu dezaketen. Baina onartu egin behar dugu, memoria beti dela gatazkatsua, eta gertatutakoak aitortuta ere, gero norberak bere interpretazioa egingo duela. Guk, beti, gertakariei ematen diegu garrantzia, baina, oinarrizko balorazio batera iristea da garrantzitsuena. Hala ere, esan bezala, prozesuari izugarrizko balioa ematen diot, duela bost urte ezinezkoa zelako. Euskaldunok, sarri, dena lehenengoan eta primeran egin nahi izaten dugu, baina oso hamarkada gogorrak izan ditugu, eta pixkana joan beharra dago.

Erlazionatuak

Beste modu batera gogoratzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 aza 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!