Beste modu batera gogoratzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 11a, 19:06

Memoriaren eguna ‘Bizikidetzarako testigantzak’ saioarekin osatu zuen, asteartean, Tolosako Bizikidetza Foroak. Lau biktima eta lau bizitzen gordina entzungai izan ziren Topic-en

Isiltasuna ezein bortizkeria jasan dutenak gogoratzeko modu unibertsala da; saminak margotutako errespetuzko forma. Isiltasunak izoztu egiten du ingurua, eta solemnitatea oparitu, sarri. Norbere isiltasunak besteari hitz egiten uztea esan nahi du, eta harenak, berriz, norbere hitza emateko aukera izatea. Joan den asteartean, isiltasun zorrotzenak ireki zuen, memoriaren egunaren harira, Tolosako Bizikidetza Foroak antolaturiko hitzordua: Bizkidetzarako testigantzak.
Errespetuzko isilunea izan zen, hasieran, eta gainontzekoek bizi izandakoa entzutekoa, ondoren. Topic zentrora bertaratu zirenek, bai baitzekiten zertara joan ziren: beste modu batera gogoratzera.
Lau biktimaren testigantzen plaza bilakatu zen antzokia, baina, horien aurretik, Juan Maria Uriarteren Reconciliación liburua oinarri duen dokumentala ikusgai izan zen. Euskal gatazkak sortutako hainbat biktimaren ahotsekin batera, Uriartek hainbatetan errepikatu baitzuen, filmean, zer den adiskidetzea edo baketzea: beste modu batera gogoratzea.
Eta saiakera horretan ari diren lau ahots izan ziren protagonista, aretoko isiltasuna puskatzeko: Pili Zabala eta Josemi Gomez Elosegiren testigantzak pantailaren bitartez jarraitu ahal izan ziren, ekitaldira ezin izan baitzuten bertaratu. Aretoan bertan, berriz, Baketik-eko kide Iker Usonen gidaritzapean, Maixabel Lasak eta Gerardo Arinek beren bizipenak izan zituzten hizpide.
Aretoak, berriz, isiltasuna eta «eskerrak» eman zizkieten hizlariei: «Sarri oso urrutira joaten gara giza eskubideen urraketak ikusteko, baina gure kaleetan izan ditugu. Eskerrik asko, ausardia behar da eta».

TESTIGANTZAK

Pili Zabala
Biktima

«Gure onerako izateaz gain, gure ondorengoen onerako ere izango da»


1983ean, GALek bahitu zituen Joxean Zabala anaia eta haren lagun Joxi Lasa, eta ez zituzten sekula gehiago ikusi. Hamabi urte geroago, zenbait kasualitateren ondoren, haien hezurrak aurkitu eta identifikatu zituzten, eta torturatuak eta erailak izan zirela frogatu. Joxean Zabalaren arrebak egia izan zuen hizpide, memoriaren inguruko bere irakurketan: «Egiak ezagutza zehatza izan behar du, eta egia horren errekonozimendua da benetako memoria». Bide horretan, memoriak inklusiboa izan behar duela uste du Zabalak, eta «denon kalteak erreparatzeko modukoa».
Izan ere, «oraindik badaude bidezkoak ez diren legeak, giza eskubideak urratzen jarraitzen dutenak, eta hori legegileek aldatu behar dute», bere arabera.
Memoria osatu eta benetako bizikidetzara iristeko, berriz, biktimaz euraz gain, «den-denon esfortzua garrantzitsua» dela azpimarratu zuen Pili Zabalak: «Eraikitzaileak izan behar dugu, eta errespetua derrigorrezkoa da horretarako. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zait besteen egoera ezagutzea, eta haien larruan jartzen saiatzea. Gure onerako izateaz gain, gure ondorengoen onerako ere izango da».

Josemi Gomez Elosegi
Biktima

«Anaia erail izanak nire bakezaletasuna erradikalago egin zuen»

1997. urtea zen, Jose Miguel Gomez Elosegiren anaia, Francisco Javier Gomez Elosegi, ETAk erail zuenean. Martuteneko espetxeko psikologoa zen eta, Jose Miguel Gomez Elosegik behin baino gehiagotan nabarmendu duenez, «ETAko presoen hurbiltzearen aldekoa zen». Memoriaren egunaren harira, anaiaren gertakariak shock egoeran utzi zuela aitortu zuen, bai bera, eta bai familia. Baina, hala ere, erailketak bere bakezaletasuna erradikalizatu zuela dio.
Bide horretan, hausnartzeko deia egin zuen Gomez Elosegik: «Hausnartu egin behar da, hiltzea beti egon izan baita gaizki, eta ez baita horretarako arrazoirik egon». Giza eskubideen defentsa aldarrikatuz, beraz, egungoa «une gozoa» dela azaldu zuen: «ETAren desagertzearekin, oso une garrantzitsua hasi zen, hitz egiten hasteko». Pili Zabalren gisa berean, belaunaldi berriei begira ere jarri zen tolosarra, haiei Euskal Herriaren historia ezagutaraztearen garrantziaz ohartaraziz: «Denon historia kontatu behar da, eta urraketa guztiak errekonozitu». Horregatik, Tolosako Bizikidetza Foroaren lana txalotu nahi izan zuen, gizarteko oinarrietatik ari direlako: «Sentsibilitate politiko desberdinetatik, hori da bidea».

Gerardo Arin
Biktima

«Bitkimak lortzen ari garen batasuna ikusita, politikariak ez dira gai elkartzeko, eta beraiek eredu izan beharko lukete»

1983ko abendua zen, Gerardo Arinen aita, Francisco Arin, erail zutenean. Enpresaria zen eta, Gerardo Arinek Topic zentroan azaldu zuenez, ondo gogoan du garai hura: «Gogoan dut aitari iraultza zerga nola eskatzen zioten, eta baita aitak mugaz bestalde joan behar izan zuela ere, ETAk bere ondare ekonomikoaren inguruan zituen datuak gezurtatzera». 1980ko hamarkada biktimentzat «gogorragoa» izan zela uste du, eta arrazoi hori jarri zuen bere sentipenen atzean: «Batzuei gorrotoa kentzea gehiago kostatuko zaigu». Familian etakideak ere izan dituela azaldu zuen, eta bizipenen nahasketa horrekin guztiarekin, esperientzia bat osatzen joan dela. Hala ere, ordezkari politikoei luzatu nahi izan zien begirada: «Biktimak lortzen ari garen batasuna ikusita, politikariak ez dira gai elkartzeko, eta beraiek eredu izan beharko lukete, hau guztia konpontzeko». Bere aitaren kasua baliogabe geratu dela ere azaldu zuen eta, alde batetik, albiste ontzat jo zuen: «Horrela, egin zuenak aitortzeko erraztasun gehiago izango du, ez baitute epaituko». Maixabel Lasak egin bezala, bere burua ez du, oraindik, presoekin elkartzeko gai ikusten, baina Lasaren gomendioa hartu, eta «den-denek egia kontatzea» eskatu zuen.

Maixabel Lasa
Biktima

«Denok merezi dugu bigarren aukera bat, eta nik eman nahi egin izan diet, egindakoa errekonozitu dutenei»

2.000. urteko uztailaren 29a zen, Juan Mari Jauregi Gipuzkoako Gobernadore Zibil eta Tolosako zinegotzia Tolosan erail zutenean. Maixabel Lasa alargunak, orduz geroztik, biktimen eta memoriaren inguruko hainbat egitasmotan parte hartu du, eta asteartekoan ere bai. Biktimetan patroirik ez dagoela dio, eta denak ez daudela ados. «Nik, adibidez, parte hartu izan dut nire gizona hil zutenekin, solasaldietan, eta hustutze bat izan zen. Baina badakit batzuei ez zaiela ondo irudituko, baina bizikidetzarako ona da. Argi dago lagun minak ez garela izango, baina, nire ustez, bigarren aukera bat denok merezi dugu. Beraiek, egindakoa errekonozitu egin dutenez, bigarren aukera hori eman nahi izan diet».
Memoriaren egunaren efemeridearekin, berriz, memoria hitzaren definizio zehatza eman nahi izan zuen ekitaldian eta, besteak beste, falta diren gertukoez aritu zen: «Falta direnak memorian ditugu, baina terrorismoagatik edo giza eskubideen urraketengatik galdutakoak ez dira besteak bezalakoak: hirugarren pertsona batek hala erabakita hil dira. Beraz, gaur bezalako egunetan, garrantzitsua da gogoraraztea, memoria hori konpondu ezin denaren memoria dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!