Tolosako Kantabrikon itxi dute apustua Olasagastik eta Atutxak

Ataria 2015ko aza. 11a, 20:21

Otsailaren 13an edo 14ean egingo dute apustua bi aizkolarik. 14 kanaerdiko eta 6 oinbiko zenek azkarrago ebaki. Alde bakoitzak 10.000 euro jarriko ditu.

Joxe Mari Olasagastik badu bere apustua. Aitzol Atutxari desafioa luzatu zion, gaur Tolosako Kantabrion egongo zela esanaz. 12 oinbiko zen desafio horretan botatako lana. Gaur, ordea, gauzak azkar aldatu dira. Aitzol Atutxa 19:00ak pasata iritsi da Tolosako tabernara. Igeldoarra han zegoen, zain. Bizkaitarrak 20 kanaerdikotara jokatu nahi zuela esan dio Olasagastiri. Eta honek ezetz. Hor hasi da saltsa, enbor handien eta txikien arteko tira-bira horretan, adostasuna 14 kanaerdikok eta 6 oinbikok lortu dute. Kanaerdikoak atutxatarrek proposatu dituztenez, eurek emango dituzte. Oinbikoak, Olasagastik.

Ondoren diru kontuetaz hitz egiten hasi dira. Bizkaitarrak indartsu jo dute, 10.000 euroko dirutza aipatuz. Olasagastiri diru asko iruditu zaio. Baina ez da diruaz askoz gehiago hitz egin: bi aldeak ados.

Egutegia eta lekua ere hizpide izan dituzte. Tolosako Inauterien bueltan ibili dira, baina gero, non jokatuko den ez zehaztea erabaki dute. Data, aldiz, otsailaren 13 edo 14an jarri dute. Hori ere aurrerago zehaztuko dutela hitzartu dute, hau da, larunbat arratsaldean jokatu edo igandean. Atutxatarrek apustua Bizkaian egitea ez dute begi txarrez ikusten. Hasiera batean, Olasagastik horri ezezko borobila eman dio. Airean geratu da lekua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!