Tolosako Babarrunaren asteburua iristear

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 10a, 18:49

Igande honetan amaituko da azaroaren 22ko lehiaketa gastronomikoan izena emateko epea;  bazkarirako txartelak ere salgai daude

Tolosako Gure Kaiola elkarteak XXIX. Tolosako Babarrun Lehiaketa Gastronomikoa antolatu du, azaroaren 22an. Horrekin batera, egun berean herri bazkaria egingo da, Zerkausian. Bi ekitaldietarako izena emateko epea zabalik dago.

Ekitaldiek lotura zuzena dute Tolosako Udalak azaroaren 21ean antolatuko duen babarrun lehiaketarekin. Izan ere, babarrun irabazlearen kilo bat prestatu beharko dute lehiaketa gastronomikoan parte hartu nahi dutenek. Babarrunak izango dira osagai nagusia, baina parte hartzaile bakoitzak bestelako osagaiak erabili ahalko ditu, bakoitzak nahi dituenak.

Lehiaketan parte hartzeko kuota 20 eurokoa da eta izena emateko epea azaroaren 15ean bukatuko da. Edozein kontsultarako 600859683 zenbakira deitu edo gurekaiola@hotmail.com helbidera idatzi daiteke.

Herri bazkariari dagokionez, nagusien menua eta haurren menua izango da. Bietan babarrunak izango dira plater nagusia. Nagusien menuak 25 euro balio ditu eta haurrenak 12 euro. Haurren menua 16 urteko neska-mutilei bakarrik zerbitzatuko zaie. Bazkarirako txartelak Gure Kaiola elkartean daude salgai, ostegun eta ostiraletan, 19:30etik 21:00etara, edota Trianguloa plazan bertan, azaroaren 22an, 10:00etatik aurrera.

Menua

Altuna Etxeko lehen platera

Tolosako Babarrunak, aza, odolki, urdai, txorizo eta Ibarrako "Txumitxa" piperrekin. 

Eceiza Etxeko postrea

Erre-Berri Ogia

Insalus Ura

Eguzkitzako sagardoa

Fernandez de Pierola upategiko kriantza ardo beltza

Orvalaiz upategiko ardo gorria

Kafea eta kopa

Lehiaketa gastronomikoko pasa den urteko irabazleak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!