Izerditutako garaipena

M.Iraola 2015ko aza. 9a, 18:47

Argazkia: baloncestoconp.es

TAKEk hirugarren neurketa irabazi du jarraian, Venta de Bañosen (80-84) eta sailkapen nagusiko laugarren postuan da.

Herri oso bat kiroldegian biltzen denean, giro hobezinean, eta gainera, kiroltasunez, kantxara atera eta "gustura" jokatzen da neurketa bat. Eta antza, bidai luzearen ajeak ahaztuta, ondo baino hobeto izan ziren TAKEko jokalariak larunbatean Palentzian.

Venta de Baños zuen aurkari talde tolosarrak. Igo berria izan eta lehen hiru partidak galduta bazetorren ere, palentziarren aurkakoa ez zen neurketa erraza. Bi taldeak gogo eta indar handiz kantxaratu ziren, eta horren ondorio eskaini zuten neurketa. Ederra, ikusleek gustuko dutena. Eta emaitza aldekoa bada, zer esanik ez. Kasu honetan, tolosarren aldekoa izan zen azken emaitza.

Lehen minutuetan aurre hartu zuen etxeko taldeak, baina segituan tolosarrak jarri ziren aurretik. Dena den, ez zuten tarte handirik irekitzea lortzen. Parekotasuna handia zen. Saskiratzeak ere noiznahi. 43-48ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Neurketan hiru gako izan zituen. Lehena, etxeko taldearen jokalaririk onenak min hartuta kantxa utzi behar izan zuela, lehen zatian. Bigarrena, berriz, atsedenaldiaren bueltako jokoa. Palentziarrak lo irten ziren kantxara, eta tolosarrek 16 puntuko aldea zabaltzeko aprobetxatu zuten: 47-63. Kirolez kontrako falta baten ondorioz eta hiruko saskiratzeei esker, aldea zortzira murriztea lortu zuen Venta de Bañosek azken laurdena hasterako: 54-63.

Azken laurdena emozio bizikoa izan zen. Eta horra hirugarren gakoa: talde lana eta lasaitasuna. Bi minutu eta erdiren faltan berdintzea lortu zuen etxeko taldeak, baina berriro ere aurre hartu zuen TAKEk: 74-81.

Hamar segundoren faltan, berriz, 3+1eko jokaldi bati esker partidan sartu zen berriro ere Venta de Baños 80-82. Hurrengo jokaldian falta egin zuten, baina tolosarrek bi jaurtiketa libreak saskiratu zituzten, eta neurketa erabaki zuten. 80-84 eta hirugarren garaipena jarraian.

Neurketa amaitu bezain pronto laugarrengoan pentsatzen ziren jada jokalariak. Horrela azaldu du Yon Gonzalezek: "Taldeak asko borrokatu zuen partida irabazteko, eta amaitu ostean, aldagelan, Santurtziren aurkakoan pentsatzen ari ziren. Gustatu zitzaidan hori, motibatuta dauden seinale. Gogoa dugu pasa den urteko porrota ahazteko". Ea ba, horrela den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!