Trapagaranek ere ez

M.Iraola 2015ko aza. 9a, 16:20

Ia neurketa osoan zehar markagailuan atzetik joanda ere, zazpigarren garaipena lortu du Tolosa Eskubaloiak Trapagaranen, 27-29.

Orain arteko ligako sei aurkariek ezin izan dute Tolosaren aurka puntu bakar bat bera ere eskuratu. Zazpigarren jardunaldi honetan, arerio gogorra zuen talde urdinak: Trapagaran, igoera faseko postuak eskuratzeko aurkari zuzenenetako bat. Bada, lortzear izan baziren ere, bizkaitarrek ere ezin izan dute Tolosarekin.

Bigarren mailako Barakaldotik zazpi jokalari fitxatu zituen talde bizkaitarrak, eta potentzial handiko jokalariak ditu. Lehen zatian erakutsi zuten indar hori, defentsan bereziki. 6:0eko defentsak eta presioak, baloi galera ugari eragin zizkien tolosarrei. Eroso zen etxeko taldea, eta markagailuan bost goleko tartea zabaltzera ere iritsi zen. Atsedenaldian, laukoa zen alde hori: 16-12.

Bigarren zatian gogotik lan egin zuen Alex Noguesen taldeak. Pixkanaka, lanaren lanaz, golak iristen hasi ziren. Eta hor izen propio bat: Iñigo Arratibel. Tolosarrak zortzi gol sartu zituen, horietako zazpi bigarren zatian. 50. minuturako berdintzea lortu zuen Tolosak: 23-23. Emozio biziko hamar minutu geratzen ziren aurretik. A ze hamar minutu!

Denbora tarte horretan Tolosako hiru jokalari kanpoan izan ziren bi minutuz, eta talde bizkaitarretik beste bat. Ezer ez zen nahikoa. Tolosa itsu-itsuan garaipena eskuratzeko biderantz zihoan. 23-25 jartzera lortu zuen, baina etxekoen erreakzioa medio berriro ere berdinketa izan zen bost minuturen faltan: 25-25.

Joan-etorri ugariren ostean, 26-27koa zen markagailua 30 segundoren faltan. Eta berdintzeko jokatzen ari zela, etxeko taldeak akats larria egin zuen: atezaina eta atezain-jokalaria kantxaratu zituen. Ondorioz, posesioa galdu eta jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuen denbora hori. Tolosak ederki aprobetxatu zuen hori. Azkenean 27-29 amaitu zen norgehiagoka.

Datorren astean Askartzaren aurka jokatuko du Usabalen, 18:00etatik aurrera.

Bigarren taldearen porrota

Nagusi izan zen Deusto Loyola, eta merezitako garaipena erdietsi zuen Tolosaren aurka,  35-23. Neurketa parekatua hasi arren, etxeko taldearen defentsa aldaketak min asko eman zion Tolosari, eta bizkaitarrak aldea zabaltzen hasi ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!