Alos Quartet: Gogoangarria

Francisco Herrero 2015ko aza. 9a, 15:53

Argazkia: Ura Iturralde

Tolosan, Topic-eko aretoan, eskaini genuen joan den ostiralean Alos Quarteteko kideek gure disko berriaren lehen kontzertua formatu «zabalean», lagunak ere taula gainean.

Sarrerak agortuta, azken hilabeteetan landu eta kaleratu berri dugun Garden diskoa jendaurrean aurkezteko aukera bikaina. Eta tartekatuta, entzuleentzako jadanik ezagun diren doinuak, aurreko diskoetakoak.

Nyckel gauak abestiarekin abiatu genuen saioa, ohi bezala. Girotzen hasteko doinu aproposa, etorriko denaren iradokitzaile. Hilerriko moxkorrarekin jarraitu genuen. Oreka Tx-eko lagunak ziren gurekin jotzekoak, abesti honetan eta beste batzuetan, baina zoritxarra tarteko, ezinezkoa izan zen eta beraien omenez jo genuen kantu hau.

Arin izan zen hurrengo doinua, disko berrian grabatutako kanta multzoari hasiera emateko. Taula gainean, gurekin batera, Aukeran dantza taldeko kideak, Edu Muruamendiaraz buru eta Garazi Egiguren tolosarra ere dantzan. Beraiekin batera egin genituen Olatu dantza, Irail dantza, Leitza –baxuan Ivan Alzate tolosarra lagun genuela– eta Uda badoa –ederra Anne Anza dantzariak publikoarengana gerturatuta eskainitako soloa–.

Uherak eta We are doinuei heldu genien jarraian. Azken hau, disko berrikoa, interneten ikusgai dagoen bideoklipean jotzen dugun kantua da (youtuben ikusgai). Grabaketan parte hartutako guztiei eskaini genien kantua, senide eta lagunei. Topic-eko taula gainean, Aukeran taldeko dantzariekin batera aritu ginen. Kalinbaren soinu misteriotsua eta ikusleen kantu gozoa batu egin ziren Laztan bat kantuan, Hamar tanta diskoko doinua. Kontzertua aurrera, musikari, dantzari eta entzuleak gustora ari ginen Hosto dantza tangoa eskaini eta gaueko sorpresa iritsi zenean. Izan ere, Bidaiari ekina kantuaren unean diskoan egiten duen bezala, Topic-en abestera etorri zen Eñaut Elorrieta kantaria. Harkaitz Cano idazlearen poema batean oinarritutako sentimenduz beteriko kantua da hau.

Eta horrela, kontzertua amaitzeko, gure lehenengo diskoko, Alos Quartet-eko, Ragtime kantuaren erritmoarekin hasi ginen. Publikoarentzat aski ezaguna, gau eder bati amaiera emateko modu bikaina. Printzipioz...

Txaloak txalo, Josephine Dopvals eta Ezpatadantza izan ziren gaueko azken kantuak. Guretzat, bederen, kontzertu gogoangarria!!

Parte hartzaileak: Alos Quartet Xabier Zeberio, Pello Ramírez, Lorena Núñez, Francisco Herrero; Aukeran dantza taldea; Eñaut Elorrieta Bidaiari ekina abestian ahotsa; Ivan Alzate (Leitza eta Bidaiari ekin kantuetan baxua).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!