Ostiralean amaituko da Tolosa Goxuako postre lehiaketan izena emateko aukera

Ataria 2015eko urriaren 27a

Urtero bezala, postre lehiaketa izango da Tolosa Goxua azokaren baitan. Aurten ijito besoa egin beharko dute parte hartzaileek.

Herritar guztiei zuzendutako lehiaketa da, eta parte hartzaileek ez dute zertan Tolosakoak izan, edozeinek hartu dezake parte.

10:00etatik 11:00etara lehiakideek beraien ijito besoak entregatu beharko dituzte Trianguloa plazan horretarako prestatutako karpan. Errezeta ere aurkeztu behar da.

Ordu horretatik aurrera, postre eta gozogintzako adituez osatutako epaimahaia dastaketa edo kata itsua egiten hasiko da. Elena Arzak, Lourdes Rekondo eta Jose Mari Gorrotxategi ibiliko dira lan horretan.

Eguerdiko 12.15ean egingo da sari banaketa. Irabazleak Tolosako gozotegietan gastatzeko 200 euroko balioa duen saria jasoko du, eta bigarrenak 150 euroko balioa duena. Lehiaketan parte hartu duten guztien artean, berriz, azokako produktuez osatutako lote ezberdinak zozketatuko dira.

Lehiaketan parte hartzeko izena aurrez eman behar da urriaren 30a baino lehen, 943697521 telefonora deituta edo feriak@tolosa.eus-ra idatzita. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!