«Jokatzeko era aldatu eta dibertigarriagoa izan daitekeen zerbaiten alde egin dugu apustu»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2015ko urr. 21a, 12:06

Larunbatean Atletico San Sebastiani 41-30 irabazi ostean, bi garaipen eta porrot bakarrarekin da TAKE-Aralar Kirolak taldea. Taldeak hobetzeko aukera asko dituela uste dute Kepa Jauregi eta Iker Otaño entrenatzaileek.

Azken garaipena poltsikoan, pozik daude senior mailako TAKE-Aralar Kirolak taldeko entrenatzaile Kepa Jauregi (Tolosa, 1979) eta Iker Otaño (Tolosa, 1977). Emakumezkoen lehen taldeak hobetzeko dituenak gogoan, gonbita egiten diete zaletuei etxean jokatzen dituzten partidetara azaltzeko, larunbatetan, 14:00etan.

Azken partida hamaika puntuko aldearekin irabazi duzue. Zer sentsazio duzue?
Kepa Jauregi: Irabazten denean beti sentsazio gozoa izaten da. Baina azkenean, lana egin beharra dagoela ikusi dugu. Nahiz eta hamaika puntuko aldearekin irabaztea emaitza ona den, zenbait gauza agerian utzi zituen partida izan zen. Lanean jarraitu behar dugu.

Etxeko bi partidak irabazi dituzue eta kanpoan jokatutako bakarra galdu.
Iker Otaño: Azkenekoa irabazi dugu baina hobetzeko asko dugu oraindik. Gure aurtengo helburua ez dut uste emaitzei begirakoa denik, gehiago da taldean dibertitzea eta beste dinamika batzuk sortzea. Larunbateko partidan, ordea, gure zuzeneko arerio baten aurka irabazi genuen. Hasi besterik ez gara egin, hobetzeko gauza asko dago, baina lan pila bat dugu eta hobetzeko aukera asko dugu. Hala ere, larunbateko partidua irabaztea garrantzitsua da.
Bigarren partida lehengo urteko txapeldunaren aurka galdu genuen eta gure pronostikoetan sartzen zen hori. Gaur egun behintzat, talde horietatik urrun gaude oraindik.

Zuzeneko arerioak aipatzean, helburu batzuk badituzuela dirudi.
K.J.: Helburu batzuk noski badaudela. Eta gainera, aurreko urteetan ikusi den bezala, helburu finko bat markatzen dugunean gehiago lehiatzen dugu, eta gehiago zentratzen gara saskibaloian. Gauzak nahasten hasten direnean gogoa joaten zaigu, norabidea galtzen dugu. Norabide bat izan behar duen taldea da gurea, horren arabera lan egin ahal izateko.
Horixe helburuak badaudela, eta kirol arloan lagundu egiten dute. Hala ere, ez dira lehen mailan jartzen ditugunak. Azken finean, emakumezkoen proiektua, klub mailan, gaztea da. Orain, osagaiak badaude eta bada garaia, zer dagoen jakinda, hori nola prestatu jakiteko.
I.O.: Nik uste hori dela kontua, oinarri bat egitea. Oker ez banago, laugarren urtea da senior mailako emakumezkoen taldea dagoela. Lehenengo bi urteak trantsiziokoak izan dira, taldea egiterakoan eta entrenatzerakoan zailtasunekin. Gaur egun, esan dezakegu jokalari kopuru garrantzitsu bat dagoela. Atzetik, dagoeneko, junior mailakoak badatoz. Beste itxura bat dauka, emakumezkoen senior mailako taldea finkatzen ari da klub mailan ere.

Jokalari asko dituzue aurtengo taldean.
I.O.: Denera hamazazpi-hemezortzi jokalari ditugu entrenamenduetan. Fitxa edukiko dutenak gutxiago dira, posible direnak. Baina bai.
Azkenean, fitxarik gabe entrenatzera etortzen denak meritua du eta askotan ez gara kontziente beraiek egoteak zenbat lagundu dezakeen taldea. Kanpoan ikasten duten lau-bat jokalari daude eta entrenamendu baterako lauzpabost jokalari gutxiagorekin kontatzea asko da. Pasa den urtean junior mailakoei deitzen genien entrenatzera etortzeko, batzuetan gu geu ere jartzen ginen jokatzen... Kopuru horrek asko laguntzen du entrenatzerako orduan.

Nolako harrobia dauka TAKE-k emakumezkoetan?
K.J.: Maila guztietan talderen bat dago. Mutilen taldeekin alderatzen badugu, talde kopuru urriagoa da baina azkenean, maila guztietan hamar eta hamabost neska artean daude saskibaloian jolasten. Harrobia osasuntsu dago. Urtetik urtera kalitate gehiago dago eta entrenatzaileak ere duela urte batzuk baino prestatuago daude. Erakusten dutena hobeto erakusten dute eta kalitate gehiagokoa da. Orain, taldeak, maila berdinean, lehen baino hobeak dira.
I.O.: Nik ere osasuntsu dagoela uste dut. Klubaren erritmo berean joan da hazten emakumezkoen harrobia. Nesken taldeen aldeko apustua egin zen klubean eta urtetik urtera emakumezkoen talde gehiago dago.

Zer moduzko maila dago zuen ligan?
I.O.: Hiru multzo daudela esango nuke nik. Gu erdiko multzoan geundeke. Gure gainetik hiru-lau talde daude, jende beteranoagoarekin. Gero beste multzo bat dago, gure azpitik dagoena, jende gazteagoa dagoelako. Gure multzoan denetik dago baina gu, gure gaineko multzo horretatik gero eta gertuago gaude.
K.J.: Goiko hiru-lau talde horiek goi mailan jokatu izan duten jokalariez osatuta daude. Duten kalitatearekin, ia oinez jokatu dezakete eta talde askori egurra eman.

Azken partidan zer hobetu badagoela ikusi zela esan duzue. Zer da findu behar den hori?
K.J.: Erasotik defentsarako bide hori egitea asko kostatzen zaigu. Ez gara konturatzen segundo batean aurkariak egin dezakeen mina handia dela eta hor, saskiratzea onartzea jartzen dugula jokoan. Gero, lehengo urtean baino aukera gehiago behar ditugu saskiratzea lortzeko.
I.O.: Emakumezkoen saskibaloi partidak puntu gutxikoak izan ohi dira eta zerbait baldin badute goran dabiltzan taldeek, kontraeraso eta jaurtiketa libreak sartzen dituztela da. Guk ez daukagu hori. Saskiratze bat egiteko hiru edo lau aldiz bota behar dugu. Horrek suposatzen du besteek baino gehiago bota behar izatea.
Mentalki aldatu behar dugun beste gauza bat ere bada. Oso eroso jokatzen dugu gure mailako aurkarien aurka eta hori pasa den urtean emandako aurrerapausoetariko bat da.
Baina beste aurkari batzuen aurka, izenarengatik bakarrik partida galduta daukagu. Ez dugu sinesten gai garenik irabazteko. Gu baino hobeak izango dira, baina gehiago borrokatzeko aukera daukagu. Nik uste dut, psikologikoki, gure maila izan beharko lukeen horretara ez garela iritsi oraindik.

Zein indargune ikusten dizkiozue taldeari.
I.O.: Ez dakit jokalari kopurua handitu delako edo beraiek nolabaiteko presioa nabaritu dutelako den, aurreko urteetan jokatzea errazagoa zelako, baina denboraldi-aurrean jendea tentsio gehiagorekin egon da eta hori nabaritu da entrenamenduetan.
Gero, garrantzia handia du egokitze prozesuak. Urtero jende berria hasten da taldean, eta hori ere bide onetik doa.
K.J.: Denboraldi-aurrea gogorra izan da baina oso ondo erantzun dute jokalariek. Gure orain arteko planteamendua guztiz aldatu dugu. Lehen oso sistematizatuta jokatzen genuen eta uste dut, guk ere, murriztu egiten genituela jokalarien gaitasunak. Aurten horrekin denarekin haustea erabaki dugu eta jokatzeko era aldatu dugu. Dibertigarriagoa izan daitekeen zerbaiten alde egin dugu apustu. Horrek lan gehiago egitea suposatzen zuen eta egia esan, oso ondo erantzun dute. Orain hasi dira jokalariak egoera horretaz disfrutatzen.

Aurreko denboraldia zein zaporerekin amaitu zenuten?
I.O.: Emaitzei begira ondo, aurreko urteko denboraldia baino hobea egin genuen eta. Orain dela hiru urte, igoera fasean sartu ginen eta fase horretan zortzi taldetatik zazpigarren amaitu genuen. Pasa den urtean, igoera faserako sailkatu eta bosgarren bukatu genuen. Sentsazio aldetik berdintsuak izan ziren biak, gehiago egitea zegoela uste genuen. Emaitza aldetik hobea izan zen aurreko denboraldia, gure mailako taldeen aurka lehiatu eta irabazi egin genuelako. Baina lehen esan bezala, gu baino gehiago diren talderen bati sustoren bat ematea falta zaigu, sinestea partidaren batean irabazi egingo diegula.
K.J.: Niretzat ere sentsazioa betegabea da. Askotan iruditzen zaigu, entrenatzaileek gehiago sinesten dugula jokalariek beraiek baino. Eta hau entrenatzaile batekin baino gehiagorekin hitz egin dugu, eta talde guztietan gertatzen den zerbait da. Taldeak oso potente hasten dira, oso maila politera iristen dira, eta gero, momentu batean, bat-batean inertzia galtzen dute. Guri bi urtetan pasa zaigu. Ez dut uste talde tolosarra garelako denik, baina Eguberriak eta Inauteriak arteko tarte horretan taldearen nortasuna galtzen dugu. Nik uste gehiago dela, azterketa garaia iristen dela eta hor bakoitzaren lehentasunak erabat aldatzen direla.

Non izatea espero duzue azken jardunaldian?
I.O: Emaitzez hitz egiten hasi aurretik, taldeak disfrutatzea eta jokatzen duenean ondo pasatzea lortzen bada, emaitzetan ikusiko dela uste dut. Hori lortzen bada, hasiera batean, goiko fasean sartzea da asmoa. Lehengo urtean, final four batean sartzeko aukera zegoela iruditu zitzaigun, ez dut uste hori buruan eduki behar dugunik, baina bai sinetsi behar dugula lehiakorragoak izan gaitezkeela.
K.J.: Taldearen aldetik, gustatuko litzaidake taldeak saskibaloiak eman dezakeen guztia aprobetxatzea eta saskibaloiaz disfrutatzea. Klub mailan, emakumezkoen proiektua oinarrituta geratzea nahiko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!