Taldea motibatuta dagoenean

M.Iraola 2015ko urr. 19a, 16:03

Seitik sei garaipen Tolosarentzat. Hondarribiaren aurka 2-1 irabazi du, 90. minutuan penaltiz lortutako gol bati esker.

Talde bat motibatuta dagoenean, ezin gelditu! Horren isla da Tolosa CF. Une paregabea bizitzen ari dira urdinak: joko ona, garaipenak, lidertza eta poza. Ikusi besterik ez da nola ospatu zuten larunbateko garaipena. Sufritu izanaren isla ere bai.

Izan ere, Hondarribiaren aurka jokatu zuen Justo Lilloren taldeak, eta "orain arteko aurkaririk gogorrena" bezala definitu zuen prestatzaile tolosarrak neurketa amaieran.

Lehen zatian asko kosta zitzaion etxeko taldeari. Hondarribiarrak bost defentsarekin irten ziren zelaira, eta tarte oso gutxi utzi zuten. Baloia edukitzea zen tolosarren asmoa, eta etsi gabe, pixkana, aukerak iritsi ziren. 23. minutuan Zabaletak lortutako golari esker aurre hartu zuten.

Hondarribiak bere lerroak aurreratu eta kontraerasoak baliatu zituen aukerak sortzeko. Bere fruitua izan zuen, atsedenaldira iristeko minutu baten aurretik zorigaiztoko jokaldi batean banakoa lortu baitzuen.

Bigarren zatia erabat tolosarrena izan zen. Jokoa goitik behera menderatu zuten, eta aukera garbiak izan zituen, baina ezin sartu. Aipatzekoa Julen atezain hondarribiarraren lana.

90. minutuan iritsi zen garaipenaren gola, penaltiz. Bereziartuak ez zuen hutsik egin 11 metroko puntutik. Lanaren eta pazientziaren hiru puntu.

Hiru puntu gehiago. Orain arteko guztiak irabazita lehen postuan baitago Tolosa. Gainera, arerio zuzenenek berdindu egin zuten elkarren aurkako norgehiagokan, eta Anaitasuna bigarren sailkatuari lau puntuko aldea ateratzen dio. Gustuko bidean, aldaparik ez.

Iturria: Kirolak.net

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!