Esperantzaren alde zeruratutako puxikak

Maier Ugartemendia 2015eko urriaren 17a

Astelehenean Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna dela eta, kolore arrosa duten puxikak zeruratu dituzte San Frantziskon ekintza sinboliko bezala

Bularreko Minbiziaren Aurkako elkarteko kideak San Frantzisko elizaren aurrean bildu dira gaur, borroka hau identifikatzen duen kolore arroseko zapi eta puxikekin. Elkarteko kideak Gipuzkoako leku desberdinetan kalera atera dira gaur, tartean Tolosan. Maider Sierra elkarteko psikologoak azaldu digunez bularreko minbizia duten gizon eta emakumeei "bakarrik ez daudela" eta "elkartea eta gizartea eurekin dagoela" adierazi nahi izan dieten ekimen honekin.

Puxikak aukeratu dituzte "esperantzaren" sinbolo moduan, izan ere, bularreko minbizia da Sierraren esanetan egun "gehien ematen den minbizia" eta "egunero diagnostikatzen dira kasuak". Baina, gaur "esperantza badagoela", eta gaixotasun honi aurre egiteko "ikerketa eta prebentzioa direla bidea" adierazi nahi izan dute. Gainera, elkartea gaixoei behar duten "arreta psikologikoa nahiz bestelakoa emateko" dagoela esan du Sierrak. Izan ere, ikerketek adierazten dietenaren arabera, gaixotasun hori diagnostikatzen dieten pertsonen "erdiak laguntza psikologikoa" behar izaten du, eta Bularreko Minbiziaren Aurkako Elkarteak laguntza hori doan ematen dutela jakinarazi nahi izan du Sierrak. Honela, laguntza behar duen edonori beraiengana gerturatzeko "gonbitea" luzatu die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!