Engainu baten berri eman dute Tolosan

Ataria 2015eko urriaren 5a

Asegurogintza Aseguru artekaritzak Tolosaldeko Ataria-ri jakinarazi dionez, larunbatean Tolosako Eroskiko aparkalekuan gertatu zen engainua.

Autoko ispilua puskatu ziola esanez gerturatu zitzaion pertsona bat adineko gizonezko bati. Adinekoak ezetz esan bazion ere, bere autoko ispiluan marka bat erakutsi zion besteak, honen autoaren kolorearen antzekoa.

Ezezagunak aseguru etxeen artean konponduko zirela esan zion, eta bere telefono mugikorretik adinekoaren aseguru etxera deitu zuen. Ez dago, ordea, dei horren arrastorik.

Telefonoaren beste aldean zegoenak -iruzurgilearen laguntzailea- adinekoari esan zion ez zegoela ezer egiteko aukerarik, eta matxura hori konpontzeak 500 euroko kostua zuela. Diru hori berak aurreratzeko adierazi zion eta 24 ordutan ordainduko zitzaiola. Dena gezurra da, ordea. Iruzurgileak dirua kutxazainetik ateratzera behartu eta ordaindutakoan ospa egiten du.

Aseguru etxeak jakinarazi duenez, "ongi prestatutako engainua" da, eta tentuz ibiltzeko eskatu dute, berriro gerta ez dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!