Kreditu aldaketek sortu dute eztabaida, iraileko osoko bilkuran

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 30a, 16:55

EAJk edukiontzi berriak erostera 135.000 euroko partida egokitu du; irudian, hondakin organikoen egungo edukiontzia.

Merkataritza sail berria "enpresa pribatu baten esku utzi nahi" izatea salatu zuen oposizioak, eta joan den osteguneko Bidebietako bilera ere hizpide izan zen, galde-erreguetan.

Ikasturteko lehen osoko bilkura izan zen Tolosako Udalean, pasa den asteartean. Gai zerrenda luzea zabaldu zuten bilkurako deialdiaren bandoan, eta dekretu, mozio nahiz adierazpenik ez zen falta izan. Baina urtea bukatu aurretik udal gobernuak egingo dituen zenbait kreditu aldaketa izan ziren, eztabaida gehien piztu zutenak.

Guztira, zazpi kreditu aldaketaren berri eman zuen Begoña Tolosa zinegotziak, eta Ogasun batzordean erabakitakoa zenbakitan azaldu zuen, plenoan. Batetik, 376.000 euroko kreditu aldaketa egingo dute, 2015-2016ko enplegu planean sartzeko. Beste 318.000 euro, berriz, inbertsio berrietara bideratzeko asmoa azaldu zuen: "Eta hor sartzen dira, besteak beste, Martin Jose Iraolako obrak, Lapurdi plazako obrak eta erosi behar diren edukiontzi berriak". Udal langileen 2012. urteko aparteko soldata ordaintzera ere, beste 100.000 euro bideratuko dituzte, eta 81.000 euroko kreditu aldaketa hondakin bilketarekin eta tratamenduarekin lotuta egongo da: "Poltsak, edukiontziak eta auzokonpostaren tratamentua". Azkenik, etxez etxeko laguntzara 50.000 euro eta bide publikoen mantentzera beste 45.000 aldatuko ditu udal gobernuak, eta 224.286 euroko kreditu aldaketa egingo dute, beste gastu batzuetarako. Guztira, proposatu eta onarturiko kreditu aldaketa 1.193.286 eurokoa izango da.

EH Bilduko oposizioak "harridura" azaldu zuen gai honen inguruan: "Kreditu aldaketak ohikoak dira udalaren jardunean, baina gure harridura Ogasun batzordeko dokumentuak jaso eta xehatzen hasi garenean sortu da, partidetako bat hondakin bilketaren kudeaketarako ekipamenduetara, edukiontzietara, bideratuta dagoela jartzen baitu dokumentuetan; zehazki, 135.000 euroko partida".

Bide horretan, Ibai Iriarte bozeramaleak "lanak atzetik aurrera egiten" aritzea leporatu zion EAJko gobernuari, "informazio falta" salatuz: "Aurreko agintaldian behin eta berriz eskatu zeniguten gardentasuna, baina guk ez dugu honen inguruko informaziorik jaso inongo batzordetatik. Txostenik ere ez dugu ikusi, eta dakigun bakarra egunkari bateko elkarrizketan emandako xehetasun batzuk irakurrita dakigu".

Azkenik, oposizioko udal taldeak sistema aldatzeko asmoa ere hizpide izan zuen: "Ez dugu ulertzen %70eko tasak gainditzen dituen bilketa sistema bat zergatik aldatu nahi duzuen, informe teknikorik gabe, gainera".

Olatz Peon alkateak, berriz, "partida bat egokitu besterik ez" dutela egin azaldu zuen oposizioari erantzunez: "Askotan azaldu dugu gai honen inguruko iritzia, eta ez dugu eztabaida luzatuko. Txostenak egongo dira, lehen ez bezala". 

Mundu martxak eta errefuxiatuak

Emakumeen Mundu Martxa bihar iluntzean iritsiko da Tolosara eta, horren harira, adierazpen instituzional bateratua onartu zuten udalbatzako alderdi guztiek. Besteak beste, udalak martxari "bere babesa eta baliabide guztiak eskaintzeko konpromisoa" nabarmentzen du testuak eta, era berean, indarkeria sexista, zaintzaileen egoera, aukera sexualak nahiz jabetzea bezalako gaiak lantzeko aho bateko asmoa azaldu zuten. Horrela, bihar, 19:30ean Zerkausira bertaratzeko deia ere egin nahi izan zieten herritarrei, Emakumeen Mundu Martxan parte hartzeko.

Bide beretik, errefuxiatuen krisi humanitarioaren inguruko adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zuten udal ordezkari guztiek. Denek egoeraren "larritasuna" azpimarratu zuten, eta elkartasuna eta lankidetza sustatzeko beharraz ohartarazi.

Azkenik, Askapena talde internazionalistako bost kideren aurkako epaiketa salatzeko bi mozio irakurri zituzten bilkuran. EH Bilduk aurkeztu zuen berezkoa, baina EAJk testu alternatibo bat proposatu zuen, eta huraxe onartu zuten, jeltzaleen botoekin.

Galde-erreguak pil-pilean

Iraileko osoko bilkurako gai zerrenda amaituta, galderen txandari zukua atera zion EH Bilduko oposizioak. Batetik, Merkataritza, Turismo eta Azoken sail berriaren inguruan aritu ziren, "departamentu horren ardura enpresa pribatu baten esku uztea" gaitzetsi baitzuten: "Abuztuan urgentziazko deialdia egin zuten batzordea biltzeko, eta batzordeburua ez zegoen arren, erabakia onartu egin zuten EAJk eta PSEk; hiru enpresa zeuden aukeren artean". Kexa azaldu ondoren, gaia ez zuten eztabaidatu plenoan.

Azkenik, joan den ostegunean Bidebieta auzoko bileran gertatutakoa plazaratu nahi zuen Inaki Irazabalbeitiak, eta eztabaida piztu zen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!