Bilera bat, hizkuntza eskubideen inguruko eztabaidaren pizgarri

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 30a, 11:11

Kontseiluak elkarretaratzea antolatu zuen, iaz, euskara lehenestearen aurkako helegiteak salatuz.

Tolosako Udalak "gaztelera hutsez" eskaini zuen bilera bat, ostegunean, Bidebieta auzoan

Joan den irailaren 24a zen, eztabaida piztu zenean. Tolosako Udalak batzarrera deitu zituen Bidebieta auzoko bizilagunak eta, bilkuran parte hartu zuen herritar batek «hizkuntza eskubideen urratzea» salatu zuen Twitter bidezko mezu batean. Teknologiaren abiadurak berria azkar zabaldu zuen Tolosako mugetatik harago, eta berehala iritsi ziren udalaren, eragileen nahiz herritarren erreakzioak.

«Hirigintza gai baten inguruko bilera zen berez, eta hasiera-hasieratik, argi geratu zen batzar osoa gazteleraz eskainiko zutela. Eta ez norbaitek hala eskatu zuelako; arratsalde onak justu-justu eman zituzten euskaraz, eta aurkezpena ere gazteleraz egin zuten». Halaxe dio Orkatz Goenagak, gerora polemika piztu zuen bilera hartan parte hartu ondoren.

Bidebieta auzoan jazotakoak mundu birtualera jauzi egindakoan piztu zen, ordea, benetako iritzi-trukea. Goenagak berak «bilera erabat gazteleraz» eskaini izana salatu zuen bere Twitter kontutik eta, Tolosako Udalaren kontu ofizialetik honakoa erantzun zioten herritarrari: «Udal gobernuak tolosarren hizkuntza eskubideak errespetatzen ditu. Zuk aipatutako bileran, euskaraz ez dakien jendea zegoen, eta horiek bilerako edukiak uler zitzaten, gazteleraz egitea erabaki da». Azalpen horri erantzunez, berriz, zer erantzun zuen Orkatz Goenagak: «Nireak [eskubideak] ez dira errespetatu».

2013ko otsaila zen, Tolosako Udaleko Hizkuntza Irizpide berrituak onartu zituztenean. Besteak beste, «udalak zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuetan, euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea» da irizpide horien helburua, testuak sarreran jasotzen duenez. Horrela, udal jarduna atalez atal xehatzen du dokumentuak, egoera eta une bakoitzean udal langile eta ordezkariek hartu beharreko jarrera linguistikoak arautuz.

Agerraldi publikoei dagokien puntua hamahirugarrena da, Tolosako Udaleko Hizkuntza Irizpideetan, eta bada batzarrei eta bilerei dagokien azpi-sail bat. Bileren inguruan, honakoa dio testuak: «Bileretan solaskidearen hizkuntza-aukera errespetatuko da, nahiz eta udaleko kidea euskaraz izan dadin saiatuko den». Eta, bide beretik, batzarren inguruko jarraibideak ere eskaintzen ditu irizpide sortak: «Herritarrekin edo gizarte-eragileekin egiten diren batzarrak euskaraz egingo dira. Bertan dauden gaztelaniadunek bilera jarrai ahal izan dezaten baliabide egokiak ipiniko dira».

Gazteleraz, mesedez

Bileretan ohikoa den moduan, Bidebieta auzoko urbanizatzearen ingurukoan ere galderen txanda iritsi zen: «Jokin Azkuek gidatu zuen bilera, eta jendea galderak euskaraz egiten hasten zenean, Azkuek mesedez eskatzen zien, galderak gazteleraz egiteko. Horrela, jende guztiak euskara utzi eta bere galdera gazteleraz egiten zuen. Hori salatu genuen, eta izugarrizko oihartzuna izan du», dio Orkatz Goenagak.

Kexa bide ofizialetara eramateko asmoa ere azaldu du Goenagak: «Behatokian salaketa jarriko dugu. Dena den, nik nire kexa bileran azaldu nion, pertsonalki. Nire ekarpena egiten hasi eta gazteleraz egiteko eskatu zidanean, nik euskaraz egingo nuela erantzun nion, eta gero laburtuko nuela gazteleraz, behar baldin bazen. Bere erantzuna probokatu nahi nuen modu horretan, eta erabat gazteleraz erantzun zidan guztia».

Gertakariaren «larria» are gehiago nabarmendu nahi izan du, gainera, Orkatz Goenagak, Jokin Azkueren jarduna hizpide duela: «Tolosako Udaleko zinegotzia da, baina, era berean, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria da. Jarrera hori berez lotsagarria baldin bada, berak izatea are lotsagarriagoa da».

«Ageri-ageriko urraketa»

Ezein herritarrek jasandako hizkuntz eskubide urraketak kudeatu eta bideratzen ditu Behatokiak, berriro ez errepikatze aldera. Euskararen telefono bat dute horretarako, eta baita helbide elektronikoa ere; kexa egiten duten herritarren datuak ez dituzte ematen.

Garbiñe Patriati Ijurra da erakundeko zuzendaria, eta sententzia argia eskaini dio TOLOSALDEKO ATARIAri, joan den osteguneko aferaz: «Hizkuntza eskubide urraketa ageri-agerikoa, nabarmena, gertatu da. Bizilagunen bilkura hori gaztelera hutsean egiteko erabakia ez da onargarria, euskaraz aritu nahi dutenen eskubidea nabarmenki urratzen delako. Euskaraz ez dakien norbait dagoen guztietan horrela jardunez gero, euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak betikotu egingo dira».

Hori esanda, «horrelako egoerak aurreikusi eta herritar guztien eskubideak bermatzeko neurriak hartu behar dira» Behatokiaren ustez. Izan ere, «erantzukizunak dituzten pertsonek utzikeriaz jokatzen dute maiz, urraketen aurrean», beren arabera. Finean, «teorian euskararen alde dauden erakundeek politika zintzoagoak eta indartsuagoak» hartzeko beharraz ohartarazi du Behatokiak: «Mingarria da agintariek euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahaleginik ez egitea. Beren konplizitatea behar dute herritarrek, euskaraz bizi ahal izateko».

Ildo beretik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, «larritzat» jo du gertakaria: «Baina ez dagokigu guri gertatutakoa baloratzea». Halaber, Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak udaleko Euskara batzordetik bideratuko du gaia.

 

(AUDIOA: Atzo, iraileko ohiko osoko bilkuran, aferaren inguruan izandako eztabaida)


Azkenik, bileraren auziak emandako erreakzioen zerrenda ixteko, Tolosako Udalak ez zuen gaiaren inguruan adierazpenik egin nahi izan atzo. Iraileko ohiko osoko bilkuran, ordea, EH Bilduko zinegotzi Inaki Irazabalbeitiak gaia atera zuen galde-erreguen txandan, Jokin Azkueri galdera luzatuz: "Egia al da?". Bilkuran ere eztabaida piztu zen, eta Azkuek erabat ukatu zuen euskara baztertu izana: "Han ez zen hori gertatu eta ekarpen asko euskaraz egin ziren. Egia da, gero gazteleraz luze jardun zuela bizilagun batek, eta, proposamenak egiteko momentua iritsi zenean, batzuk gazteleraz egin zituzten. Bat-batean bizilagun bat euskaraz hasi zen, baina aldamenekoek keinuak egin zizkiguten ulertzen ez zutela esanez. Badirudi hori kontatu duena eta ni bi bilera desberdinetan egon ginela".

Adostasunik ez zuten lortu bi ikuspuntuen artean, eta Irazabalbeitiak hizkuntza erabileraren estrategia zehatz baten beharraz ohartarazi zuen udal gobernua, bilerei begira. Azkenik, Jokin Azkue jeltzaleak "alderdi jakin batek euskara instrumentalizatu nahi" duela nabarmendu zuen: "Euskara galtzaile aterako da, eta gu horren kontra gaude".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!