Tolosa CF-ek hirugarren garaipena lortu du partida gogor eta arriskutsu batean

A. Imaz 2015ko ira. 28a, 18:10

Hirutik hiru, eta horietatik bi, gainera, etxetik kanpo. Tolosa CF-en denboraldi hasiera bikaina izaten ari da. Hori esateko hiru arrazoi baino gehiago daude: garaipenak, puntuak, golak, jokoa...

Larunbatean denboraldiko hirugarren partida jokatu zuten urdinek. Aurkaria, Elgoibar. Talde indartsua, gogorra, arriskutsua, eta arriskutsua. Bai, bi zentzutan. Justo Lillo entrenatzaileak partida zaila izango zela iragarri zuen, eta agian, motz geratu zen. Jokoari eta markagailuari begira ez zuen esperotako zailtasunik izan Tolosak. Diezek sartu zuen lehen gola lehen zatian. Bereziartuak 0-2koa jarri zuen bigarren zatian, eta hirugarrena, Gorka Blanco kapitainak lortu zuen. Etxekoen gola amaieran iritsi zen. Ohorearen golak, ordea, ez zion ohorerik eman Elgoibarri. Ordurako galdua baitzuten. Eta nola gainera.

Arriskua eta zailtasunak Elgoibarrek jarri zituen, kiroltasunaren marra zeharkatuz. Ostikoak, ukabilkadak, joko zikina... Tolosa CF-ek hiru puntu lortu zituen larunbatean, «eta nola lortu gainera», zioen Lillo entrenatzaileak: «Lehen minututik azken minutura partida borobila egin genuen. Jokoan jaun eta jabe izan ginen. Beraienak 10 minutu edo izango ziren, beste guztiak, errepaso ederra eman genien». Elgoibarren jarrera eta joko zikinaren inguruan, hobe asko ez hitz egitea: «Ez gara euren jokoan sartu. Partida bukatu eta ez nintzen euren entrenatzailearengana edo epailearengana joan. Han bukatu zen. Aurreko partida etxetik kanpo ikusi nien, eta pentsatzen nuen horrelako zerbait gertatuko zela. Ez ziguten utzi nahi baloia mugitzen, eta era batera nahiz bestera saiatu ziren horretan. Alferrik. Orain arteko partidarik osoena egin genuen».

Horren adibide bezala, Justo Lillok lehen gola aipatzen du: «Gozada bat. Baloia alde batera eta bestera mugitu ondoren, gola. Horrez gain, beste jokaldi ikusgarri bat ere egon zen, atzetik aurrera, baloia mugituz, eta gutxigatik kanpora joan zena. Zoragarria. Jokalariekin oso gustura nago, eta partida amaituta beraien poztasuna ere ikustekoa zen».

Hurrengo partida etxean jokatuko dute urdinek, Beti Gazteren aurka. Lilloren esanetan «talde desberdina da». Azken partidan 6 gol sartu zituen Beti Gaztek, eta horrek gauza bat uzten du argi: «Zelai erditik aurrera izugarrizko jokalariak dituzte. Atzean, ez dute bururik jaten, konplikaziorik gabe jokatzen dute. Baina aurrean...». Partida ikusgarria izango da Berazubin asteburuan jokatuko dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!