Ibilbide osasuntsuek bigarren ikasturteari ekingo diote

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko irailaren 24a

‘Mugi Tolosa’ren arrakasta mantendu nahi du Tolosako Udalak

Iazko esperientziari heldu eta aurrera jarraitzeko, datorren irailaren 30ean berriro abiaraziko dituzte hirugarren adinari begirako ibilbide osasuntsuak, Mugi Tolosa proiektuaren babesean.  
64 urtetik gorako herritarrei ohitura osasuntsuak helarazi eta bizi kalitatea hobetzen laguntzeko zortzi ibilbide prestatu zituzten, iaz, eta Jose Ignacio Asensio kirol zinegotziak azaldu duenez, «Tolosan beste zenbait herritan baino arrakasta handiagoa lortu du proiektuak». Horregatik, gorakada hori sustatzeko asmo betea du udalak.
Harrera ona datuekin berreste aldera, aipatzekoa da, guztira, 2.708 pertsonak parte hartu zutela saio guztietan eta, saio bakoitzeko batazbestekoa 94 pertsonakoa izan zela.
Genero ikuspegitik, emakumezkoak parte hartzaileago suertatu dira ibilbide osasuntsuetan, eta parte hartzaileek %64,5a osatu zuten joan den ikasturtean. Adinari dagokionez, berriz, aipatzekoa da 85 urteko 15 pertsona inguru aritzen direla.
Parte hartzaileek belaunaldien arteko harreman sareen aberastasuna nabarmendu dute, eta hori sustatzeko mahai bat sortzea proposatu diete udal ordezkariei, «ibilbideez harago joateko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!