Xabier San Sebastianek ez du ongi hasi Munduko Txapelketa

Ataria 2015eko irailaren 22a

23 urtez azpiko erlojupeko Munduko Txapelketa jokatu zen atzo Richmond-en, Estatu Batuetan.

"Ez da egunik onena izan, eta pena da. Baina lagun handi batek esaten duen moduan, lau egun on izateko 100 txar pasa behar dira lehenago". Horiexek izan ziren txirrindulari tolosarrak bere estreinaldiaren ondoren Twitterren egindako adierazpenak.

Ez zen, ez, egunik onena izan San Sebastianentzat. 29,8 kilometroko ibilbidea osatu zuten 50 txirrindularietatik 45. amaitu zuen tolosarrak. Mads Wortz Schmidt danimarkarrak irabazi zuen proba, 37:10eko denborarekin. Hura baino lau minutu eta 24 segundo beranduago helmugaratu zen txirrindulari euskalduna.

San Sebastianek Munduko Txapelketa batean parte hartu duen lehen aldia izan da, eta debuta nahi bezalakoa izan ez arren, gustura azaldu da: "Erlojupekoa gogorra zen, eta bihurguneetatik ateratzerako orduan indarra falta izan zait. Hala ere, esperientziarekin gustura nago. Ikasteko balio izan dit".

Igandean errepideko lasterketa jokatuko du: "Atzoko egun txarrak balio dit errepideko lasterketa amorru gehiagorekin prestatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!