"Arrakastatsua izan da Garagardo Azoka"

M.Iraola 2015ko ira. 21a, 19:22
Argazkia: @hartetxe10

TAKEko zuzendaritzak lanean aritu diren bolondres guztiak eskertu nahi izan ditu

Izakinak agortuta eta helburuak beteta. Horrela amaitu da aurtengo Garagardo Azoka Tolosan. Aurten, lehenengoz, TAKEk antolatu du, eta Koldo Arsuaga klubeko lehendakariaren arabera, pozik daude "emaitzagatik, harreragatik, baita jendeak ondoren emandako iritziengatik ere".

Guztira 3.500 litro garagardo inguru, 2.600 saltxitxa eta 1.300 ukondo kontsumitu dira lau egunetan zehar. "Igandean saltxitxak eta ukondoak amaitu zitzaizkigun, eta parte-hartzea jaitsi zen ondorioz, baina lehen urtea izanik ikasteko ere balio izan du" dio Arsuagak.

Ostirala eta larunbata izan ziren egunik jendetsuenak. Bakoitzean ia 1.000 pitxer banatu zituzten, eta horiei etxetik beren pitxerra eraman zutenak gehitu behar zaizkie. Ostegunean ere aurreikuspenak aise bete zituzten: "Eguraldiak asko lagundu ez arren, pintxo-poteak jende asko erakarri zuen".

Hilabeteko lan gogorra izan da azokaren antolaketa, eta aurretik nahiz, bereziki, azokak iraun duen lau egunetan lanean jardun duten klubeko kide, guraso eta gainerako bolondres guztiei esker ona azaldu du TAKEk: "Lan ikaragarria egin dugu guztiok. Pozik nago jende asko bildu delako laguntzeko, harrobiko jokalarietatik hasi eta gainontzeko herritarrenganaino. Eskerrak eman nahi dizkiegu guziei".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!