Egia eta Garmendia garaile Uganeko sega apustuan

Ataria 2015eko irailaren 19a

500 metro koadro ebakitzeko 12 minutu eta 10 segundo behar izan ditu Andoni Egia eta Jokin Garmendiak osatutako bikote irabazleak. Lanak osatzeko bost segundo gehiago behar izan dituzte Andoni Dorronsorok eta Koldo Arzelusek. Geroko bazkarian 100 pertsona elkartu dira.

Umorez hasi dute gaur Ugane Eguna auzotarrek. 17. txirrindulari igoera izan da goizean eta ondoren, Hernaniko bertsolari gazteek animatutako poteoa egin dute.

Eguerdia pasata egin dute sega apustua, 500 metro koadroko belar saila zeinek lehenago ebaki. Andoni Egia orendaindarrak eta Jokin Garmendia baliarraindarrak irabazi dute apustua eta Unai Irola ikaztegietarra izan dute zorroztaile bezala. Bost segundoko aldea baino ez diote atera bigarren bikoteari, Andoni Dorronsoro ikaztegietarrak eta Koldo Arzelus tolosarrak osatutakoari. Hauek, Ugane bertako Patxi Urretabizkaia izan dute laguntzaile, segak zorrozten. Joakin Garmendia anoetarrak ere lagundu du gaurko sega apustuan.

Bazkarian, heldu, gazte eta haurrak elkartu dira Uganen, guztira 100 pertsona inguru.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!