Kaleak biziberritzea, bizitasuna ematea, eta txikienentzat jolaserako gune bilakatzea. Horiek dira, antolatzaileen hitzetan, Arte Kalea festaren helburuak.
Horretarako, sormena, artea eta elkarlaguntza uztartzen dituen egun osoko egitaraua osatu dute Kale Nagusiko dendariek, bertaratzen direnen artean interakzioa sortze aldera.
Goizean zehar, 10:00etatik aurrera, hiru mural margotuko dituzte, eta lan horretan arituko dira Blok Arte Eskola, Marrazten Akademia eta Marce Tenaren akademiako ikasleak. Mural horiek photocall gisa erabiliko dituzte arratsaldean, bertaratutakoek argazkiak atera ditzaten. #artekaleatolosa traola erabiliko dute sare sozialetan ateratako argazkiak biltzeko.
Horrez gain, mahai jolasak, xaboi ponpa tailerra eta margotzeko txokoak izango dira egun osoan zehar. Arratsaldean ere ogia egiten ikasteko tailerra izango da.