Sentsazio onak berreskuratuz ekin dio TAKEk Euskal Kopari

M.Iraola 2015ko ira. 15a, 16:28

TAKEk 78-53 irabazi dio Zarautzi Euskal Kopako lehen neurketan. Lauko finalean egoteko aukerak ditu talde tolosarrak.

Uste baino errazago eta irabaziz hasi du denboraldia TAKEk. EBA mailara igo berri den Zarautz hartu zuen etxean, eta Katalunian izan ez zituzten sentsazio onak berreskuratu zituzten norgehiagokan.

Atsedenaldirako erabakita utzi zuen partida Yon Gonzalezen taldeak, 25 puntuko aldeaz joan baitziren aldagelara (49-24). Goar Artetxe bikain aritu zen lehen bi laurden horietan, 18 puntu pilatuz; Telmo Igartuak ere aulkitik irten eta segituan hiru hiruko saskiratu zituen jarraian, hutsik egin gabe. "Talde osoa bikain aritu zen, Kataluniako partidetan falta izan zitzaigun intentsitatea berreskuratuz" aitortu du entrenatzaileak.

Kontraerasoa eta erreboteko lana nabarmendu ditu tolosarrak: "Pasa den denboraldian arazo ugari izaten genituen errebotean eta aurten Lander Lasak beste plus bat emango digu". Bederatzi errebote hartu zituen etxera itzuli den jokalari tolosarrak.

Gonzalezen ustez "Zarautzek hasi berriaren faktorea aurka izan zuen. Pasa den urtean guri gertatu zitzaigun: aurkari berriak, jokatzeko modu ezberdinak, arbitratzeko era diferenteak... Ziur nago ligan zeresana emango duen taldea izango dela eta gehiago kostatuko zaigula".

Bigarren zatian Katalunian egon ez ziren jokalariek minutuak pilatu zituzten: "Guretzat garrantzitsua da jokalari guztiak ondo egotea. Talde luzea dugu, baina denboraldia ere gogorra izaten da". Beñat Azaldegiren lana garrantzitsua izan zen, hamaika puntu pilatuta.

Lauko finalari begira jarri da orain TAKE: "Datozen bi neurketak oso zailak dira, baina aurrera egiteko aukerak ditugula uste dut" dio Gonzalezek. Larunbatean jokatuko du hurrengo jardunaldia Santurtziren aurka, eta igandean, Usabalen, hirugarren eta azken partida Iraurgiren aurka.

Zarautzen aurkakoa Euskal Kopan historian irabazi duen lehen neurketa izan da. TAKE inoiz ez da izan lauko finalean, eta duela urtebete historia egin bazuen ere, larunbatean beste mugarri bat ipini zuen, eta oraindik ere historia egiten jarraitu lezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!