Mendia ere izan daiteke 2.0

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 11a, 11:52

Alpino Uzturre taldeak webgune berria estreinatu du ikasturtearekin

Mendira joateko eta mendiaz goatzeko sortu zuten, behin batez, Alpino Uzturre taldea, eta hori ez da aldatuko. Aldatuko direnak, mendi-zaletasuna zabaltzeko bideak izango dira aurrerantzean; aldatu baino, ugaldu.

Izan ere, www.alpinouzturre.eus web ataria berritu egin dute, ikasturte berriari ekitearekin batera. «Zerbitzu dinamikoa eskaini nahi dugu», diote taldeko kideek.

Horrela, elkartearen sorreraz nahiz jardueraz informazioa azkar eskuratzeko bidea eskaintzen du webgune berriak. Besteak beste, egin berri dituzten irteera eta egitera doazenak albiste izango dira, eta «mendira oinez, eskalatuz, korrika, eskiz edo bizikletaz inguratzen direnen webgunea» izatea nahi dute.

Horren harira, aipatzekoa da mendi bizikleta eta mendi lasterketa taldeak ere sortu berri dituztela, eta horien inguruan zerbait gehiago jakin nahi duenak ere helbide horretan izango duela aukera. Azkenik, ikastaroak eta materialaren alokairua ere kontsultatu ahal izango da www.alpinouzturre.eus atarian.

Hurrengoa, BTT irteera

Aipatu bezala, sortu berria da Alpino Uzturreren mendi lasterketa taldea; zaleak, ordea, asko ditu mendiaz gozatzeko modalitate horrek.

Bide horretan, irailaren 19an BTT irteera antolatu du mendi taldeak, Usabal kiroldegitik 08:30ean irtenda. Usabal kiroldegia - Zazpi bide - Leaburu - Gaztelu - Uli - Berastegi - Larre - Belabieta - Uzturre - Tolosa izango da osatuko duten ibilbidea eta, webgune berrian track-a deskargatzeko aukera dute erabiltzaileek. Izen-ematea info@alpinouzturre.eus helbidean edo 638 70 30 93 telefonoan egin daiteke, eta baita informazioa eskuratu ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!