Errepikatzeko asmoz

M.Iraola 2015ko ira. 10a, 12:40

Larunbatean ekingo dio TAKEk denboraldi berriari; Euskal Kopako lehen jardunaldia jokatuko du

EBA mailan estreinekoz arituta ere denboraldi gogoangarria egin zuen pasa den urtean
TAKEk. Bosgarren amaitu zuen ligan, 14 norgehiagoka irabazita eta itxura bikaina emanda. Aurten lorpen hori errepikatzea zaila izango dela jakitun den arren, taldeak «sentsazio bikain horiek errepikatzeko helburuarekin» ekingo dio denboraldi berriari larunbat honetan. Euskal Kopako lehen jardunaldia jokatuko dute, Usabalen, Zarautzen aurka.

«Pasa den urtean alde betera utzi genuen kopa hasieratik. Pentsatu genuen EBA mailako prestaketak garrantzia gehiago zuela eta denbora gehiago eskaini beharko geniola», azaldu du Yon Gonzalez entrenatzaileak. Aurten, ordea, «lehiatzeko» helburuarekin jokatuko dute txapelketa.

Lehen fasean aurkari «zailak» egokitu zaizkiela onartu du Gonzalezek. EBAra igo berri den Zarautzen aurka estreinatu ondoren, Santurtzira joango dira hurrengo larunbatean. Hilaren 20an, berriz, Iraurgiren aurka jokatuko dute. Orain arte TAKEko jokalari izan den Gaizka Maizak, beraz, bere etxea izandakoan jokatuko du.

Prestaketa lanak, Katalunian

Denboraldi hasiera prestatzeko pasa den asteburuan Herrialde Katalanetan izan dira urtero moduan, Vic-en, hain zuzen ere. Hiru egunetan lau neurketa jokatu dituzte.

Ostiralean jokatu zuten lehen norgehiagoka, etxeko taldearen aurka. Maila apalagoko taldea izanik ere, kataluniarrak gailendu ziren. «Txapelketa osoko partidarik kaxkarrena jokatu genuen eta garbi irabazi gintuzten, nahiz eta amaieran txukundu», dio entrenatzaile tolosarrak.

EBAko Igualadaren aurka jokatu zuten bigarren neurketa, eta hobetu arren, 13 puntuz galdu zuten. Euro Pro izan zen hirugarren aurkaria, estatubatuarrez betetako talde bat, eta lau puntugatik irabaztea lortu zuen TAKEk. Txapelketa Gasol anai gazteenaren Coll Blanc taldearen aurka lau puntugatik galduz bukatu zuten.

Hiru porrot eta garaipen bat. «Ez dira emaitza horren onak izan, baina erritmoa hartzen joateko ongi etorri zaio taldeari. Hala ere, lan asko daukagu aurretik. Jokalari berriak daude eta horiek taldera egokitu beharko dute; taldea ere egoera berri horretara egokitu behar da». Urriaren erdialdean hasiko dute liga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!