Yon Gonzalez: «Borrokarako grina berreskuratu behar du taldeak»

Mikel Iraola 2015eko irailaren 10a

Zer nolako taldea du TAKEk?
Banan-banan begiratuta talde hobea daukagu aurten. Postu guztiak ongi beteta ditugu, barrualdea ondo estali dugu, Lander Lasak puntuak emango dizkigu... Hala ere talde hobea edukita ere, ez gaude lehengo urtean bezala. Gure jokoaren ezaugarri nagusi izan ziren borroka eta sakrifizioa falta zaizkigu, eta berreskuratu egin behar ditugu, bestela arazoak izango ditugu. Denak irabazle sutsuak dira eta jokatzen hasi ahala aterako dute.

Zer espero duzu taldeaz?
Pasa den urtean lan asko egin zuten, eta hori oso barneratua zuten. Baloi bat galtzean hiru jokalari lurrera botatzen ziren bila. Partidak horrela irabazi genituen. Bide beretik jarraitu nahi dut, horrela arrakasta lortzeko oinarriak jartzen baitira.

Nolako jokoa izango du TAKEk?
Jokalari berriak daude eta taldearen ezaugarriak aldatu dira. Jokatzeko modua horren arabera aldatuko da.

Eta zein helburu jartzen diozu?
Aurrez aipatu dizudan TAKE nortasun hori partidaro erakustea, Usabal bete eta jendea gozaraztea. Helburu minimoa maila mantentzea da, pasa den urtekoa berdintzea oso zaila delako. Emaitzei begiratu gabe egingo dugu lan hasiera batean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!