Euskaraz mintzo da, azkenean, James Joyceren Ulises. Orain hiru urte abiatutako lanari amaiera jarri dio Xabier Olarra itzultzaile eta editoreak, eta liburua salgai dago dagoeneko hala Igela argitaletxearen webgunean nola liburu dendetan, azal bigunean zein gogorrean. XX. mendeko liburu gorenetakoa eta ingelesez sekula idatzitako onena da, askoren ustez, Joycek 1922an Ulysses jatorrizko izenburuarekin argitaratu zuena.
Joyceren eleberri mardula euskarara ekartzeko asmoa «ez da atzo goizekoa», Olarrak azaldu duenez. Esaten dutenez —baina baieztatu gabe dago—, Gabriel Arestik ere egin zuen obraren itzulpen bat, baina guardia zibilek kendu zioten kontrol batean, eta galdutzat ematen da gaur egun. Ordutik, itzulpengintzari buruzko mahai inguruetan ohikoa izan da «eta Ulises, noizko?» galdera, Olarraren arabera. «Mitoaren maila lortua duen liburuari heltzeko garaia heldua izan zitekeela pentsatzen hasi ginen batzuk orain dela hamabosten bat urte», dio itzultzaileak. 2012ko ekainaren 16ra arte ez zion ekin, ordea, erronkari. Twitterren bota zuen asmoaren berri, «beste norbait lan horretan ari baldin bazen, edo itzuli eta tiraderaren batean gordeta baldin bazeukan, horrelako nekerik hartu beharrik ez izateko». Inor ez zebilen lan horretan, antza, eta, hala, egitekoari eutsi zion Olarrak, «XXI. mendeko euskal irakurle saiatuek agian estimatuko zutelakoan».
Hamar urteko epea ezarri zion itzultzaileak bere buruari, lana osatu ahal izateko. Epeak, dena den, dezente murriztu dira ordutik: «Kalkulu bat egin nuen, nire asmoa inolako presarik gabe hartzea zelako. Pentsatu nuen egunean 500 karaktere itzuliz gero, alegia, lau txiok ematen dutena, 2022rako prest edukiko nukeela, hau da, argitaratu zeneko mendeurrenean. Noski, horiek ez dira benetako kalkuluak. Halako obra bati heldu behar badiozu benetan heldu behar diozu, eta egunean zortzi edo hamar ordu eskaini». Itzulpen egitasmoak, gainera, Europako Batasunak emandako diru laguntza bat jaso zuen, epeak azkartzearen truke. Ondorioz, aurreratu da argitaratze data.