«Hunkiduraz» jaso du Jaizkibelen saria, Udaberri dantza taldeak

Mikel Iraola 2015ko ira. 8a, 09:48

‘Hondarribia Berdintasunaren Hiria’ saria jaso dute, Kresala eta Irrintzi taldeekin batera

Uztaila erdialdean ezagutu zuten berria, eta irailaren 4a egutegian seinalatuta zuten, orduz geroztik. Udaberri dantza taldeak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jaso zuen joan den ostiralean, Jaizkibel Konpainiaren eskutik, eta ekitaldiko emozioa nabarmendu zuen, taldeak, haien sare sozialetan.

Talde tolosarrarekin batera, Donostiako Kresala elkarteak eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeak ere jaso zuten errekonozimendua: «Saria emakumeen parte hartzea festetan tradizioa aldatu gabe, gatazka handirik gabe eta erakundeen laguntzaz ahalbidetu duten ekintza positiboentzat da. Ideia horren lekuko direlako sarituko dira Donostiako Kresala elkartea, Tolosako Udaberri dantza taldea eta Zumarragako Irrintzi dantza taldea, hiri eta esparru desberdinetan, ekitaldien mamia aldatu gabe, emakumeen parte hartzea lortu duten elkarte eta erakundeen izenean».

Halaxe dio Garbiñe Biurrun epaileak, Maialen Lujanbio bertsolariak, Nieves Alza Txingudi saskibaloi elkartearen presidente ohi eta Hondarribiko urrezko domina jasotakoak, Paul Rios Bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibistak, eta Xabier Lapitz kazetariak osaturiko epaimahaiaren erabakiak. Eta halaxe irakurri zuen Garbiñe Biurrunek, Hondarribiko kultur etxean eginiko sari banaketan.

Sariketa berezia zen, ez zen zalantzarik; Jaizkibel konpainia parekideak estreinakoz antolatu du aurten errekonozimendu horiek eskaintzeko egitasmoa. Lehen aldi horrekin batera, gainera, Hondarribiko jaietan bete-betean zirela antolatu zuten sari banaketa. Horrela, konpainiaren kaleko entseguaren atsedenaldia baliatu zuten, hitzordua jartzeko.

Zapi loredunak, duintasunaren sinbolo
Sariketa nahiz omenaldietan banatzen diren oroigarriak apaletan gordetzeko modukoak izaten dira ia beti; noizbehinka haiei begiratu eta behin batez jasotako errekonozimenduaz gogoratzeko-edo.

Hondarribiko ekitaldian, ordea, loredun zapiak izan ziren protagonista. Jaizkibel konpainiaren sinbolo direla esan daiteke, zapi horiek lepoan dituztela desfilatzen baitute irailaren 8an, gizon-emakumeek.

Kresalari Donostiako danborradagatik, Irrintziri Zumarragako ezpata dantzagatik eta Udaberriri Tolosako Bordon dantzagatik, beraz, zapi bana oparitu zieten, lehen sariketaren oroigarri moduan.

Ekitaldira talde guztietako ordezkariak bertaratu ziren, eta baita Jaizkibel konpainiako hainbat kide ere.

Halaber, sarituriko taldeen herrietako ordezkari politikoei ere dei egin zieten, parekidetasunaren aldeko ekitaldian parte hartzera. Tolosako Udalaren izenean, Nuria Carbonell kultura zinegotzia bertaratu zen.
Udaberri dantza taldeak, bere aldetik, esker hitzak baino ez zituen izan konpainia parekidearentzat. Besteak beste, «urtetan eta urtetan duintasunaren eredu» izan direla nabarmendu zuen Garazi Artetxe ordezkariak, eta Jaizkibelek berak jaso beharko lukeela jaia eta berdintasuna uztartzen dituen edozein sari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!