Tolosaldeko herriak izango dira 'Memoriaren plazak' proiektuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 2a, 09:49

Irudian, Tolosako Memoriaren lorategia; 2010. urteko Memoriaren egunean egindako ekitaldia.

Ostiralean bilduko da, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko 128 alkaterekin

1936tik gaur egundaino euskal gatazkak emandako biktima guztiek bizipenak azaleratzeko egitasmoa da Memoriaren Plaza. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak sustaturiko proiektua da, eta gizarte osoari zabaldu nahi diote, azaldu dutenez.

Iragana berreraikitzeko ahalegin honek hainbat adar izango ditu, eta horietako bat izango da Oroimenaren Udal Erretratuak izenekoa. 1960 eta 2010 artean EAEn arrazoi politikoengatik eraildako 707 pertsonaren kasuak bildu dituzte, eta herriz herri sailkatu ere bai. Horrela, 128 herrik memoriaren mapa osatuko dute.

Ostiralean bertan Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilduko dira herri horietako alkateak eta, besteak beste, Zizurkilgo alkate Joxemari Luengo, Villabonako alkate Iban Agirre eta Tolosako alkate Olatz Peon bertan izango dira.

Rafael Verari salaketa

Duela zenbait asteko albistea izan zen, Pili Zabalak Rafael Verari ezarritako salaketarena. GALek torturatu eta eraildako Joxi Zabala tolosarraren arrebak, joan den martxoan TVE telebista katean entzundako adierazpen batzuen harira jo zuen epaitegira, eta auzia erabaki baten zain da orain, aurrera jarraitzeko edo artxibatzeko.

Rafael Verak Felipe Gonzalezen garaiko gerra zikina hizpide izan zuen aipatu telebista saioan eta, zehazki, «gerra zikina hanka sartze legala» izan zela aitortu zuen arren, honakoa ere gaineratu zuen kamera aurrean: «Ikuspuntu praktikotik bere funtzioa izan zuen eta, Frantziaren laguntza lortuta, erabilgarria izan zen».

Gogora ekartzekoa da, Rafael Vera Sergurtasunerako Estatuko idazkari izan zela 1986 eta 1994 artean, Felipe Gonzalez presidente zen garaian. Besteak beste, GALek aldarriakturiko Segundo Mareyren bahiketagatik 10 urteko espetxe zigorra egotzi zioten 1998an, eta baita diru funtsak bidegabeki erabiltzeagatik ere.

GALen inguruko beste zenbait auzirengatik ere epaitegietan nahiz kartzelan egondakoa da, eta Pili Zabalak ezarritako salaketarena da bere azken auzia; biktima gisa «umiliatuta» sentitu zela azaldu zuen, Zabalak, salaketan. Horrela, uztailaren 23an Madrilen deklaratu behar izan zuen Verak, Juan Calparsoro EAEko fiskalak hala eskatuta.

Duela zenbait egun, ordea, Calparsorok berak adierazpenak egin zituen SER irrati katean, auziaren inguruan, honakoa baieztatuz: «Verak emandako azalpenaren arabera, bere asmoa ez zen biktimak umiliatzea, baizik eta momentu historiko horren inguruko azalpenak ematea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!