«Oso arriskutsua da goi-karguak izan dituzten politikariek horrelako jarrerak hartzea»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 2a, 10:13

Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, biktima guztiek tratu bera jasotzea du aldarri, eta baita benetako bizikidetzarako gako ere.

Veraren aurkako salaketa jarri zenuen, bere adierazpen batzuekin «umiliatuta» sentitu zinelako. Zertan da auzia?

Orain Juan Calparsoro fiskalburuak behin betiko erabakia emateko zain gaude. Argi esanda, betidanik iruditu izan zait umiliagarria, estatu terrorismoagatik zigortuak izan diren politikari askok pribilegioak izatea. Lotsagarria izateaz gain, oso arriskutsua iruditzen zait goi-karguak izan dituzten politikariek horrelako jarrerak izatea. Zientifikoki frogatuta dago pertsona horiek guztiek estatu terrorismoarekin lotura izan zutela eta, berez, zigortuak izan dira. Baina, gainera, horrelako adierazpenak egin eta biktimak ez dituztela umiliatu esatea, are lotsagarriagoa da. Esaldiari eta egoerari buelta emango bagenio, eta antzeko adierazpenak beste batzuek egingo balituzkete, argi dago beste era batera ikertuko luketela. Hori ez da bidezkoa.

Biktima guztiek ez dute tratu bera jasotzen, beraz, zure ustez. 

Euskal Herrian, zoritxarrez, ohituta gaude hori horrela dela ikustera. Okerrena da, ohitu egin garela, baina, bada garaia, erakundeek erantzun zintzoa eta borondatezko bat eman dezaten, zuzena eta zigor kodea betetzen duena. Alegia, 75 urteko zigorra dutenek bete dezatela, eta ez dezatela ingeniaritza juridikorik egin bestelako irakurketak plazaratu ahal izateko. Euskal Herriko erakundeko guztiek, aho batez, «gu hemendik ez gara pasako» esan behar dute behingoz.

Calparsoro fiskalburuak SER irrati katean azaldu du, jada, Veraren adierazpenetan ez dagoela biktimak umiliatzeko asmorik. Epaia agerian utzi du, ezta?

Bai. Dena den, berak horrela ikusten baldin badu, saiatuko gara beste adierazpen edo erreportaje batzuetan frogak aurkitzen. Beren harrokeria eta hitz desegokiak askotan jasan behar izan ditugu, zigorgabetasun osoz gainera; beraiek badakite juridikoki babestuta daudela. Pentsa, gaur egun, oraindik ere, Felipe Gonzalezek edozein gairi buruz zerbait esan eta aintzakotzat hartzen dela pentsatzea, benetan lotsagarria iruditzen zait. Pertsona horiek ez dira eredugarriak eta horrek argi geratu behar du. Bide egoki bat aurkitu behar dugu adituen laguntzaz, egin duten kalte guztiagatik ordain dezaten. Urte askotan ezin izan da ezer egin, edo ez dute egin nahi izan, baina 2015ean demokrazia global eta herrikoiagoak ditugu hizpide, eta iritsi da momentua. Iragana aztertzen hasi behar da horretarako, eta hauek iragan horretan daude.

Memoriak iragana aztertzen du, eta 'Memoriaren plazak' egitasmoa ostiralean bertan jarriko dute martxan, Euskal Herriko 128 alkaterekin. Zer behar da, zure ustez, gizarte guztiak horretan parte har dezan?

Gauzak behar diren bezala adieraztea, orain arte ikusi izan ditugun irudi edo adierazpenekin batera, sentsiblitate guztiak mahai gainean jarriz. Nik hori eskatzen dut, denok egon behar dugula, eta denok tratu bera jaso behar dugula. Ez dut pribilegiorik eskatzen, pertsona moduan berdintasun osoz tratatua izatea baizik. Izan ere, gaizki tratatu izan naute askotan. Orain arte ez dut ezer esan, baina, aurrerantzean, esan egingo dut; inor kaltetzeko asmorik gabe. Baina, noski, nire antzera, zapalduak izan diren pertsona askoren sentimenduak agerian uzteko. Zauri hau ez da sekula sendatuko, sentsibilitate guztiak hartzen ez badira; benetako bizikidetza batera iristeko, derrigorrezkoa da pertsona guztiak kontuan hartzea.

Noizbait iritsiko da?

Horretarako denok egon behar dugu prest, eta denok, denok gara. Hurbildu egin behar dugu gu bezala pentsatzen ez dutenengana, eta haiek ulertzen saiatu; baina, noski, ni ere uler nazatela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!