2016ko egutegiko argazki irabazleak hautatzeko prozesua, abian

Ataria 2015eko irailaren 1a

Epaimahaiak egin du lehen hautaketa. Aukeratutako 40 argazkiekin erakusketa bat egingo dute webgunean nahiz Aranburu Jauregian eta bozkatzeko aukera izango da. Ateak izan da gaia.

Iñigo Royo eta Ura Iturralde argazkilariek aukeratutako argazkiekin bi erakusketa egingo dituzte: bata onlinewww.tolosa.eus/tolosanklisk webgunean, irailaren 5etik urriaren 3ra arte; eta bestea, Aranburu Jauregian, irailaren 25etik urriaren 3ra arte. Bietan eman ahal izango da bozka. 

Behin bozketa epea amaituta, eta herritarren argazkia aukeratuta, hilabete bakoitzeko beste hamabi argazki aukeratuko dituzte epaimahaiko kideek.

Oraingoz, lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikus daitezke Tolosako Udalaren webgunean. Larunbatetik aurrera, berriz, epaimahaiak hautatutako 40ak ikusi eta bozkatu ahal izango dira.

Bozkatzeko sistema

Lehiaketan botoa eman ahal izateko, www.tolosa.eus/tolosanklisk helbideko aplikazioan izena eman beharko da, honako datuok eskatuko dituen formularioa beteta: helbide elektronikoa, izen-abizenak, sexua, eta harremanetarako telefono zenbakia.

Erabiltzaile bakoitzak boto bakarra eman ahalko du.

Tolosako Udalak iruzurra egin duen susmoa eragiten dion edozein erabiltzaile kanporatu ahalko du; era berean, haren kontua itxi eta eman zituen botoak baliogabetuko ditu.

Boto emaile guztien artean (internet bidezkoak, nahiz erakusketakoak) I-PAD MINI bat zozketatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!