Larramendi kaleko azpiko pasabidea konpontzen hasi dira

Ataria 2015eko abuztuaren 24a

Larramendi  kaleko azpiko pasabidean eta inguruko asfaltoan sortu diren blandoiak konpontzeko lanei ekingo zaie gaur.

Lanak bi fasetan banatuko dira: lehenengoan errepidea zulatuko da gerora hormigonatzeko eta gaurtik ostirala bitartean gauzatzea espero da. Bigarren fasean, berriz, errepidea asfaltatuko da eta eguraldiak uzten badu, abuztuaren 31tik irailaren 4ra bitartean egingo dira lan horiek.

Trafikoan aldaketak

Larramendiko irteera trafikoarentzat itxita egongo da. Bialetik datorren trafikoa Belate aldera desbideratuko da, Anoetatik Donostialdera bideratzeko. Gasteiz aldera doan trafikoak, berriz, Kondeaneko aldapatik barrena irten beharko du. Santa Luziatik Tolosako erdigunera doan sarbidea zabalik egongo da.

Autobusen sarrera normala izango da linea guztientzat, irteerak aldiz aldatu egingo dira. Donostiako linea, Bialetik Belatera desbideratuko da. Ondorioz, Larramendi eta Santa Luziako geltokiak zerbitzuz kanpo geratuko dira eta hain ordez, Bialeko irteeran dagoen geltokia erabiliko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!