Nerea Perez tolosarra Euskotren ligako garaile

Ataria 2015eko abuztuaren 17a

Bigarren urtez jarraian irabazi du San Juanek Euskotren traineruen liga. Nerea Perez tolosarra da bertako patroia.

Zarautzen jokatu zen atzo azken estropada. Atzokoan hirugarren postuan amaitu zuten arren, larunbateko errenta ondo baliatuz liga eta bandera eskuratu dituzte. Nerea Perez tolosarrak adierazi duenez, "poz handia" hartu du taldeak, izan ere, "lan handia egin dugu horretarako eta helburuak lortu ditugu". 

Aurtengoa, iazkoarekin alderatuta "bereziagoa" izan da tolosarrarentzat. "Patroi bakarra izan naiz ligan zehar eta estropada guztiak neronek jokatzeko aukera izan dut". Liga eta bandera eskuetan zituztela Pasaiara joan ziren taldekideak garaipena ospatzera. Txaranga eta guzti ospatzeko aukera izan zuten eta udaletxeko balkoira igotzean, bandera astindu zuten.

Aurrera begira, helburu bat azpimarratu nahi izan du Perezek: "Kontxari begira gaude orain, hau irabazi dugu eta hurrengo helburua bete nahi dugu". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!