Ertzaintzak Larramendi auzoko eraikina hustu du

Ataria 2015eko uztailaren 24a

Tolosako Gazte Asanbladako kideek salatu dutenez, Larramendi auzoan okupatu berri duten eraikina hustu du Ertzaintzak. Ate nagusia "indarrez" ireki dutela adierazi dute, eta orduan goiko solairura jo dute gazteek.

Ertzainak beheko solairuan daude, eta gazte asanbladako kideei banan bana irteteko eskatu diete.

Uzturre kalean dago kokatua Tolosako Gazte Asanbladako kideek okupatu duten eraikina. Garai batean fabrika bat zen, eta urte asko zeraman utzita. Gazteak buru-belarri aritu dira lanean barrualdea eta ingurua txukuntzen, auzolanean.

Urrian urte bat beteko da, hainbat gaztek Tolosako Gazte Asanblada sortu zutenetik, gazteen pasibotasunarekin amaitu eta alternatibak bilatzeko asmoz. Urriaren 18ko Gazte Egunaren ostean izan zen hori. Baina gazteen ustez, bide hori "inondik inora ez da bukatu" eta pausu bat gehiago eman dute: eraikin bat okupatu dute.

TOLOSALDEKO ATARIA-ra igorritako komunikatu batean adierazi dutenez, "hutsik eta inongo erabilerarik gabe dauden eraikuntzetan funtzio sozial bat betetzen dituzten proiektuak aurrera eramateko okupazioaren bidea aukeratzea guztiz zilegi" dela argudiatu dute.

Gaztetxea sortu nahi dutela eraikin horretan adierazi dute, "Euskal Herriko eta munduko Gaztetxeen eredua Tolosara ekarriz", eta nesken zein etorkinen parte hartze handia" bultzatuz. Helburua gizartea, eta bereziki, gazteria "aktibatzea" dute.

Herritarrekin eta auzotarrekin elkarbizitzan

Bestalde, auzoarekin eta gainontzeko herritarrekin elkarbizitzan egoteko asmoa ere azaldu dute, "arazo baino gehiago, laguntza bat" izan nahirik. "Gaztetxea ere beraientzako bada, eta hau garbi utzi nahi dugu" azaldu dute gazteek". Horregatik, nahi duen orori gonbita luzatu diete auzolanean proiektua aurrera eramaten laguntzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!