«Arraunean gustura sentitzeko ez da zertan ligarik irabazi behar»

Mikel Iraola 2015ko uzt. 20a, 11:42

Ugaitz Mendizabal irurarrarekin batera TKE mailan urte gehien daramatzan eskualdeko arraunlaria da Iñigo Jauregi tolosarra. Hondarribian aritzen da gaur egun.

Nolakoa izan da orain arte TKEn izan duzun esperientzia?
Denetarik izan dut, urte onak nahiz txarrak. Urte onenetan ere izaten dira une zailak. Oro har, oso gustura.

Nola hasi zinen arraunean?
Lehen pausuak Tolosan eman nituen, TAKen. Arratsalde batean probatzera joan ginen lagun baten aitak esanda. Gustatu zitzaidan eta batelekin hastea erabaki nuen. Jubeniletan Oriora joan nintzen, eta senior mailan bigarren taldearekin hiru urte egin nituen.

Eta gero saltoa TKE ligara.
Uztera nindoan, baina orduan Patxi Frances entrenatzaileak Zierbenara joateko deitu zidan. ARC1en zegoen eta igoera lortu genuen.

Salto handia izan zen?
Entrenamendu aldetik ez. Urte hori gogorra izan zen taldeak ez zuelako esperientzia TKEn, lehen aldia zen.
Gauza batzuk akaso ez geniuen behar bezala egin eta asko sufritzea tokatu zitzaigun. Baina ikasteko balio ere izan zuen. Pertsonalki ere gogorra izan zen, bidaia luze asko egin behar nituelako egunero hara joateko.

Eta gero Hondarribiara.
Hemen bai nabaritu nuen saltoa, izen handiko kluba baita. Kontxa irabazia zuen, gainera, aurreko udan. Nire burua probatzeko helburuarekin joan nintzen. Ikusi nahi nuen ea TKEn egoteaz gain, bertan zerbait irabazteko aukerarik ba ote nuen.

Eta liga irabaztea lortu zenuten. Zer izan zen hori zuretzat?
Zazpi bandera eta San Migel liga irabazi genituen. Kontxan ere bigarren izan ginen oso denbora ona eginez. Hala ere pozik geratu ginen. Hasiera batean ez nintzen kontziente lortutakoaz. Baina negu guztia entrenatzen pasa ondoren konturatzen zara zenbateko lana egin behar izan duzun horraino iristeko. Liga irabaztean atzetik izandako oinaze guztia ahazten duzu, merezi izan duelako, baina azarotik aurrera lan berbera egin behar da.

Baina gustura egiten den lana da.
Emaitzak jasotzean bai. Azken finean daukazun mailaren arabera jartzen dituzu helburuak, eta agian ez da helburua denak irabazi behar izatea. Esan nahi dudana da ez dela liga bat irabazi behar arraunean gustura sentitzeko.

Zer helburu jarri duzue aurten? Eta zer eskatu diozu zeure buruari?
Talde bezala gauzak ondo eginez gero goian ibiliko garela badakigu, beraz nahi dugu ahalik eta hobesten sailkatu. Baten batek irabazten badigu, gu baino hobea izan delako izango da, zoriondu eta kitto. Ahal dela, liga eta Kontxa irabazi nahiko genituzke, baina ezerekin itsutu gabe. Eta hori ez da klubaren eskakizuna, guk geure buruei egin dieguna baizik. Pertsonalki, berriz, nire buruarekin ondo sentitu nahi dut. Denboraldi amaiera iritsi eta lan ona egin dudanaren sentsazioa izan nahi dut.

Hasiera behintzat ona izan da.
Guk ere ez genuen espero. Ondo goaz, eta uste dut puntu onena iristeko dagoela. Besteek ere hobetuko dute. Ikuskizun handiena iristeko dago.

Une txarrak eta onak izan direla aipatu duzu. Zer nabarmenduko zenuke?
Une txarretatik asko ikasi dut. Zierbenarekin TKEn izan ginen lehen urtean adibidez, astero azken postuan geratu ondoren berdin-berdin entrenatzera joaten erakutsi zidan; gauzak ez direla horren errazak ikasi nuen. Eta onena pasa den urteko denboraldia: Liga lortzea, jende asko ezagutzea, etxetik gertu egotea... Pozik egon nintzen.

Iñigo Jauregi, eskubian, igandean Hondarribian egindako harreran

Erlazionatuak

Indarra hartzen

Mikel Iraola 2015 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!