Egoitz Zalakainek Gasteizko Half Triatloi proba irabazi du

Asier Imaz 2015eko uztailaren 14a

Tolosarrak bizikletarekin denborarik onena markatu du.

Gasteizko Half eta Full Triatloi proba igandean jokatu zen, eta distantzia ertainean, Egoitz Zalakain tolosarra izan zen nagusi. Podiumean, Jon Unanue zarauztarra eta Beñat Arnaiz aretxabaletarra izan zituen ondoan Zalakainek.

Tolosarrak 4 ordu, 27 minutu eta 25 segundo behar izan zituen proba amaitzeko. Bigarren sailkatuari 32 segundo besterik ez zizkion atera, eta hirugarrenari, 2 minutu eta 51 segundo.
Lasterketa ikusgarria eta lehiatua izan zen lehen instantetik. 1,9 kilometroko distantzia egin behar zuten igerian, Ullibarri-Ganboako urtegian. Oscar Abad izan zen proba amaitzen lehena, baina Egoitz Zalakain ez zen urruti, bigarren postuan atera baita uretatik.

Ondoren bizikletak hartu dituzte, eta hemen hartu du aurrea tolosarrak. Tarte honetan bera izan da denborarik onena markatu duena, gainera.

Iaz, Gasteizko Half Triatloian hirugarren postua lortu zuen Zalakainek. Aurten, ordea, dena alde zuen podiumaren gorenera igotzeko. 72 kilometroko itzuliaren ostean, bizikleta utzi eta korrika hasi zen tolosarra, amaiera bitarte lehen postuari eutsiz.

Lasterketa amaieran gustura zegoen Zalakain, baina baita harrituta ere: «Ez nuen espero horrelako maila emango nuenik. Igeriketa proba ondoren, oso ondo sentitu naiz bizikletaren gainean. Eroso joan naiz. Probaren azken zatian, berriz, izugarri disfrutatu dut, triatloi honen ibilbidearekin eta ikusleen berotasunarekin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!