“Oria ibaia oso ezaguna dut, eta hori abantaila da niretzat”

Urola-Kostako Hitza 2015ko uzt. 8a, 11:54

Uretara Piratekin elkartasun jaialdia antolatu du igerilari tolosarrak eta Aspanogi elkarteak larunbaterako eta iganderako, Orion; Carlos Peñak 24 orduz egingo du igerian Oria ibaian, larunbateko 16:30ean hasita.

Muturreko zeharkaldietan bereizituta dagoen igerilaria zara zu. Zenbat daramatzazu jada?
Iaz 25 urte bete nituen halako erronkak egiten hasi nintzenetik. Guztira 55 zeharkaldi egin ditut mundu osoan; batzuk kirol erronka pertsonalak izan dira, eta beste asko elkartasun jarduera gisa osatu ditut. Orion egingo dudana bezalako 24 orduko proba bat sekulako jipoia da. Kontua galdua dut, baina 2005ean egin nuen estreinakoz Tolosan eta harrezkero beste zazpi edo osatu ditut.

Asteburuan Orion izango zara. Lehen aldiz egingo al duzu paraje hauetan?
Orion lehen aldiz egingo dut, bai. Horrelako egitasmo bat antolatzea ez da batere erraza. Ideia izatez nire izan zen. Nire lankide baten semeak minbizia du, eta beti jendea nola lagundu pentsatzen ari naizenez, zeharkaldi berri bat egin nezakeela pentsatu nuen. Horrelako saioak solidarioak izaten dira, eta beti musutruk egiten ditut. Hori argi utzi nahi dut. Baina zaila izaten da non eta zer egitea; izan ere, itsasoan ez batere erraza. Oria ibaian entrenatzen dudala kontuan izanda, alde batetik besterako kilometroak kalkulatzen hasi nintzen, baita mareen gorabeherak aztertzen ere. Halaxe zehaztu dut zirkuitua.

Eta zein izango da diseinatu duzun zirkuitu hori?
Ibaia itsasoratzen den tokitik Aginagako zubia pasata dagoenera 12 kilometro inguru daude; betiere, itsasbeherak eta itsasgorak ekar ditzaketen aldaketak kontuan izanda. 24 ordutan 54 kilometro inguru osatuko ditudala aurreikusten dut. Orioko Udalarekin oso ongi konpondu gara, eta arraunetxeak azpiegitura oso onak ditu. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearekin harremana dut, hainbat egitasmo egin ditugulako elkarrekin, eta haiekin batera atondu dugu astebukareko jaialdi hau. Arrisku gutxien duen zirkuitu ikusgarri bat zehaztu dugu, jendeak bertatik bertara jarraitzeko modukoa.

Irakurri elkarrizketa osoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!