"Geure gorputzaren aurrean erabaki ahal izan arte jarraituko dugu"

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 29a, 14:01

Irailaren 30ean igaroko da Tolosatik Europako Karabana Feminista, eta 'Geure gorputza geure lurradea` lelopean, egungo ereduaren aurrean alternatiba feministak proposatu eta emakumeek euren gorputzaren gainean erabaki ahal izan arte erresistentzian jarraituko dutela zabalduko dute.

Martxoaren 8an hasi zuen bere ibilbidea Europako Karabana Feministak Kurdistanen, eta ordutik Europako hamaika herritatik igaro da. Urriaren 17an amaituko da Coimbran, Portugalen. Irailaren 28tik urrriaren 4ra bitarte Euskal herritik igaroko da karabana, eta eskualdetik ere pasako da, irailaren 30ean, hain justu, Tolosatik.

Euskal Herriko Mundu Martxako kideek azaldu moduan, igaro diren hilabeteetan nahiz aurretik dituztenetan, herrialde guztitako milaka emakumek hartuko dute parte: "Helburua da munduari erakustea zer nolako alternatiba feministak proposatzen ditugun eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren aurrean". Euren proposamena zabaltzeko hainbat ekimen ari dira burutzen, eta Euskal Herritik igaroko denerako, eta Tolosarako ere, ekitaldi ugari prestatuko dituzte, 'Geure gorputza geure lurraldea' lelopean.

Eider Olazar Mundu Martxako kideak esan duenez, ideia horren asmoa da "emakumeek bizi duten askotariko indarkeria motak ikustaraztea eta munduari erakustea emakumeak erresistentzian ari direla". Era berean, ulertarazi nahi dute emakumeek ez dutela amore emango: "Gure gorputzaren gainean erabaki ahal izan arte jarraituko dugu".

Elikadura burujabetzaren ikur, haziak dira aurtengo ekimenaren elementu nagusi, eta haziak oinarri hartuta hainbat ekitaldi sinboliko ari dira burutzen herri desberdinetan. Horren adibide, Tolosako Euskal Pizkundea plazako lorategietan eginiko landaketa: "Benetako ereite baten bitartez, tokiko hazi eta landareak landatuz zabalduko ditugu feminismoaren aldarrikapenak ahal bezain beste tokitan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!