«Diziplinarekin soilik emaitzak ez du freskotasun berbera»

Iñigo Terradillos 2015ko eka. 19a, 11:22

Adin eta belaunaldi desberdineko 30 pertsonak osatzen dute Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra. Isitxo Larrañaga zuzendariarekin eta Irati Hartsuaga eta Maria Asenjo kideekin hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIAk. Taldeko giro "ona" nabarmendu dute.

1980. urtean sortu zen Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra. Gerora, semeak hartu zuen orkestraren gidaritza, eta gaur egun, Isitxo bera da zuzendaria. Hori bai, Isidrok gertutik jarraitu ditu taldearen pausoak. 30 kidek osatzen dute egun akordeoi orkestra. Belaunaldi desberdinak batzen dira taldean, eta horren adibide dira Irati Hartsuaga eta Maria Asenjo. Lehenak 30 urte ditu eta 5 urte zituela hasi zen akordeoiarekin. Bigarrenak, berriz, 22 urte ditu eta 6 urterekin ekin zion.

Oso gazte zela hasi zen aita akordeoiarekin, eta gero berak ikasitakoa irakatsi nahi izan zuen.

Isitxo Larrañaga. Txikitatik datorkio musikarekiko zaletasuna. Baserriko lanak egin ondoren, oilategira joaten zen gauetan, soinua jotzen ikastera. Bakarrik ikasi zuen, eta horrek bitxikeriaren bat ere utzi zuen, lehenengo abestia atzetik aurrera ikasi baitzuen. Aitonak bazekien pixka bat akordeoiarekin, eta konturatu egin zen, eta esan zion alderantziz ari zela. Tolosan hasi zen akordeoi eskolak jasotzen, eta gerora, eskola sortu zuen berak, zekiena irakasteko. Ni 5-6 urte nituela erakarri ninduen akordeoiaren mundura.

Eta bere lekukoa hartzera iritsi zara, baina, ezin esan Isidrok sekula akordeoia utzi duenik.

I. L. Etxean egunero jotzen du, eta jendaurrean, berriz, urtean behin behintzat jotzen du Santa Zezilia egunean. Bazkari batean biltzen gara orkestrako kideak, eta bazkalostean akordeoia hartu eta jo egiten du. Egun horretan jotzeko zoratzen egoten da.

Eta, zuek zer sentitzen duzue bera jotzen ikustean?

I. L. Poz handia, berarentat bere bizitza baita akordeoia, eta sentimendu hori transmitititu egiten du.

Irati Hartsuaga. Bere 84 urterekin, guri, oraindik ere, mila buelta ematen dizkigu. Oso berezia da guretzat, bera izan baitzen lehenengo maisua, akordeoiaren hastapenak erakutsi zizkiguna; guztiok dugu oso gogoan hori. Isidro oroitzapen samurrak sortzen dizkigun pertsona da.

Maria Asenjo. Orkestrako partaide guztiok txundituta begiratzen diogu nola jotzen duen. Akordeoiak asko eman digu eta hori Isidro eta Isitxori zor diegu.

Izan ere, 35 urte urte asko dira.

I. H. Kultur talde batentzat urte asko dira, batez ere, kontuan hartuta belaunaldi desberdin asko igaro direla taldetik. Hainbeste urtez gainera, bere funtsa mantenduz jarraitzea meritu handia da.

I. L. Jende ugari igaro da orkestratik, ehunka kontzertu eman ditugu, milaka entsegu egin... Une honetan oso talde ederra daukagu. Maila ona izateaz gain, oso giro polita dago, eta hori lortzea oso zaila da.

M. A. Orkestra dagoen lekura iritsi da, batik bat, taldekideen artean dagoen erlazioagatik, giroagatik. Bestela, ez baduzu ondo pasatzen, utzi egiten duzu. Gainera, oso garrantzitsua da zure burua taldeko beste kide bat bezala eta benetan baloratua sentitzea.

Eta zein da akordeoia ondo jotzeko sekretua?

I. L. Teknika edukitzea oinarrizkoa da. Garrantzitsua da ez uztea, eta ahal bada egunero egunero pixka bat jotzea. Guk astean behin izaten dugu entsegu orokorra, eta horrela maila mantentzea lortzen dugu. Hori bai, lehiaketak-eta ditugunean, areagotu egiten ditugu entseguak. Beraz, diziplina hori beharrezkoa da, baina, giro onarekin lagunduta. Izan ere, diziplinarekin soilik emaitzak ez du freskotasun eta goxotasun berbera.

I. H. Urte asko dira instrumentua jotzen, eta ederki ezagutzen dugula uste dugu, baina sorpresak ere izaten dira. Sanjoanetan eskaini behar dugun kontzerturako obra bat estreinakoz Pragako lehiaketa baterako ikasi genuen. Obra honek baditu eskala batzuk inondik inora ondo ateratzen ez zitzaizkidanak. Behin eta berriro saiatu arren, ez nuen lortzen, eta orduan pentsatu nuen, nire mugara iritsi nintzela. Eta, gaur egun, kontzerturako obra berbera entseatzen ari garela lortu egin dut ondo egitea.

Lehiaketa aipatu duzularik, makina bat irabaziak baditu bere ibilbidean orkestrak.

I. L. 1989. urtean irten ginen lehenengoz sariketa batean parte hartzera, eta sariarekin itzuli ginen etxera. Ordutik beste hamaika sari eta aipamen eskuratu ditugu. Kontzertuak geroz eta gutxiago zirela ikusita, lehiaketen aukera ikusi genuen. Duela hamar urte inguru asko izaten ziren, eta sona handikoak, gainera. Erronka moduan hartzen genituen, azterketa bat balira bezala. Orkestra zein mailatan zegoen ikusteko aproposak ziren. Aldi berean, oso gustura hartzen genituen, eta ilusioz prestatzen genituen obrak. Sariak lortzen genituenean, poz handia izaten zen, eta, nolabait, erakusten ziguten bide onetik gindoazela. Azken urteetan, baina, horiek ere gutxitu egin dira.

I. H. Gaur egun, lehiaketak baino, jaialdiak izaten dira gehiago. Horietako bat antolatzen denean, segituan ematen dugu izena. Jaialdiak eta lehiaketak egiten diren herri edo hiri horietara bidaiak eta aurreko prestaketak oso baikorrak izaten dira taldearentzat, elkarren arteko erlazioan gehiago sakontzeko.

M. A. Nire lehen esperientzia lehiaketa batean orkestran sartu berritan izan zen. Gaztetxo nintzen, eta ez nuen nire burua lehiaketetan oraindik ikusten. Gerora, hamaika lehiaketatan hartu dut parte, eta magikoak izaten dira.

I. L. Eta, aitak ere gu bezala bizitzen ditu. Gurekin izaten da entseguetan, eta lehiaketetan bertan ere bai. Oso gertutik bizitzen ditu.

Aurten lehiaketa edo jaialdirik ez, urteurrena.

I. L. Beste urteetan beti izaten da bira edo jaialdi bereziren batean parte hartu beharra, eta horietarako prestatzen egoten gara. Aurten, ordea, urteurrena behar bezala ospatu behar genuela pentsatu genuen, eta kontzertu berezirako nahiz DVDaren grabaketetarako indarrak jartzea erabaki genuen.

Erlazionatuak

Bizipenez beteriko hauspoak

Iñigo Terradillos 2015 eka 19 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!