Bizipenez beteriko hauspoak

Iñigo Terradillos 2015ko eka. 19a, 11:12

35 urte betetzen ditu aurten Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak, eta urtemuga ospatzeko sanjoanetako kontzertua ezohikoa izango da.

Urtero legez, akordeoi doinuak izango dira nagusi San Joan jaien barruan. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren aurtengo emanaldia, baina, bestelakoa izango da, bai edukiari, bai formari, bai eta izaerari begiratuta. Orkestraren 35. urtemuga dela eta, ospakizun moduan hartu dute, eta kontzertu berezia eta ezohikoa prestatu dute, hauspoetatik sorturiko musika izango delarik elementu guztiak lotuko dituen haria. Izena ere jarri diote emanaldiari, Bizipenen hauspoa, urte horietan guztietan akordeoiari esker hamaika bizipen izan dituztela irudikatuz.

Hiru hilabete inguru daramate orkestrako kideek hilaren 26an izango den kontzertua prestatzen. Irati Hartsuaga taldekideak azaldu moduan, orain arte «betiko» kontzertu bat izaten zen, «arrunta», hau da, «eszenatokira igo, pare bat hitz egin, eta jo». Aurtengoan, aldiz, orkestrak 35 urte egin dituela eta, une egokia dela iruditu zaie orkestraren historia kontatzeko. Horretarako hainbat baliabide erabiliko dituzte, argiztapena, eta pantaila handi batean jarriko dituzten irudiak, esaterako. «Emanaldia gauez izatea nahi izan dugu, horrela argiztapenak giro berezia emango diolako».

Prestatzen ari diren, eta entzungai izango diren doinuei dagokienez, «estilo desberdinetakoak» izango direla dio Isitxo Larrañaga orkestraren zuzendariak. «Abesti herrikoiak entzun ahalko dira, klasikoak eta modernoak ere bai, eta bukaeran heavy samarra izango den musika ere bai. Beraz, denetarik», dio. Larrañagak azaldu duenez, azken urteetan maiz egiten dituzte horrelakoak jendaurrean, hau da, euren kontzertuetan askotan egiten dituzte gisa horretako nahasketak, eta orkestraren zuzendariak dioenez, jendearengan «harrera oso ona» izaten dute. «Jendeak sorpresaz hartzen du askotan musika mota bat akordeoiarekin jo daitekeela ikustean».

Parte hartzaile ugari


Berezitasuna emanaldian parte hartuko duten artistetan ere atzeman dezakegu. Hala, akordeoilariez gain, Hodeiertz abesbatzako kideek parte hartuko dute, Elene Arandiak abesti batzuetan kantatuko du, Ander Zubillaga gitarrarekin ariko da, taldeko kide bezala sentitzen duten Iñar Sastre pianoan egongo da, Xabier Zeberio biolinarekin… eta dantza ere uztartu nahi izan dute, Udaberri taldeko hainbat kide igoko dira taula gainera.

Larrañagak dioenez, «buru-belarri» ari dira entseatzen, prestatzen ari diren moduko emanaldietarako koordinazioa «oso garrantzitsua» baita. «Musikari eta instrumentu ugarik sorturiko musika, dantzariak, abeslaria eta irudiak elkartuko ditugu, eta ezinbestekoa da elkarren arteko lotura egokia izatea». Hori bai, argi dute denek, elementu horien guztietan uztarketak asko aberastuko dutela emanaldia, eta emaitza «oso polita» izango dela.

Edertasun hori borobilduko duen ezusteko edo sorpresa bat ere izango du kontzertuak, baina horretaz ez dute gehiegi aurreratu nahi orkestrakideek. Hilaren 26an, beraz, Euskal Herria plazara gerturatu beharko da ezustekoaz nahiz emanaldiaz gozatzera. Akordeoi orkestrako kideek herritar orori luzatu diote gonbidapena: «Ordu eta laurden inguru iraungo du, oso polita eta interesgarria izango da, eta herritar guztiak animatzen ditugu bertaratzera, galdu ezinezkoa baita».


Ibilbidea irudietan jasota

Urteurrena dela eta, aurtengo sanjoanetako kontzertua berezia izango da, beraz Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrarentzat. Baina, ez da hori izango urteurrena ospatzeko modu bakarra. Izan ere, DVD-CD bat ari dira prestatzen. Bertan, emanaldi eta entseguetako irudiez gain, orkestrako kide eta protagonisten irudiak eta taldearen historia partekatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!