Erraldoi eta buruhandien konpartsak margotzeko liburuxkak aterako ditu

Imanol Garcia Landa 2015eko ekainaren 18a

Larunbatean jarriko dira salgai Xirimiri kafetegi-tabernan, eta horren harira, Tolosako kaleetatik ibiliko dira erraldoiak eta buruhandiak.

Haurrei zuzendutako liburuxkak ateratzearen ideia azaldu du Joanes Ezeiza Gil konpartsako kideak: "Iruñeko neska batek esan zigun Iruñean atera zituztela horrelako liburuxka batzuk, haurrek asko erosten zituztela eta oso ondo zihoala kontu hori". Tolosakoei ere ideia "oso polita" iruditu zitzaien eta beraiek ere liburuxkak atera dituzte.

Liburuxken bidez haurrek txikitatik Tolosako erraldoiak eta buruhandiak zein diren eta nolakoak diren ezagutzea garrantzitsua iruditzen zaie konpartsakoei. "Aurrera begira ere, haur horrek interesa izan dezake gero konpartsan arte hartzeko", azaldu du Ezeiza Gilek.

Liburuxken prezioa 3,75 eurokoa izango da, eta larunbatean konpartsak irteera egingo du argitalpenaren aurkezpen moduan. 11:00k inguruan aterako dira, Alde Zaharretik ibiliz, eta gero 12:00etan Xirimiri kafetegi-tabernara joango dira. Bertan aurkeztuko dute liburuxka eta dantza ere egingo dute erraldoiek. Ondoren ere kaleetatik ibiliko dira eta 13:00ak aldera Zerkausi kalera joango dira, elkarteen arteko estropadak egiten ari direnekin topatzeko. "San Joan jaietan ere salgai izango dira liburuxkak", zehaztu du Iñaki Olaetxea konpartsako kideak, eta animatu du jendea larunbat honetako ekitaldira joatera.

Liburuxkatik ateratako dirua beste jarduerak aurrera ateratzeko izango dela adierazi dute konpartsatik. Egun 30 pertsona inguruk parte hartzen dute konpartsan, 17 urtetik 30 ingurura. Gaztetan buruhandiekin hasi ohi dira konpartsara sartzen direnak dira, eta gero erraldoiak eramateko pausoa ematen dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!