Piztear da udako ateak zabalduko dituen txinparta

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 18a, 12:55
Eskopetarien eta elkarteen ordezkariak izan dira agerraldian, Olatz Peon alkatearekin batera.

San Joan jaiak iragarri dituzte Andre Maria plazan egindako agerraldian; ekainaren 24ko desfilea plazatik bertatik irtetea berreskuratu nahi du Olatz Peonen lantaldeak, "momentutxo berezi hori mantentzeko".

Ofizialki, ekainaren 23ko suziriak iragarriko ditu aurtengo sanjoanak, sua piztu aurreko orduetan. Tolosan ohikoa den bezala, ordea, atariko egunek ez dute festarik falta izango, eta tolosarrek ere txupinazoaren beharrik ez, festarako.

Tradizioaren bidetik datorren ospakizunak, gaurkotasun bizia ere baduela azpimarratu du Olatz Peonek, aurkezpenean. Horrela, zenbakiek berresten dute alkateak esandakoa, izan ere, kuadrilla egunean 1.500 herritar baino gehiago elkartuko dira Euskal Herria plazako bazkari erraldoian, eta San Joan eguneko eskopetariak ere 1.200dik gora izango dira aurten, 15 konpainiatan banatuta.

Joan den astean aurkeztu zuten bezala, Ero Etxe elkarteko konpainia izango da aurtengo berrikuntza nagusia, eta ez dute, ez, estreinaldia kikilduta hasiko: 70 pertsona inguru aterako dira Imanol Zubeltzu kapitainaren atzetik, desfilean. "Elkarteak nahi txiki hori zuen aspaldidanik, eta gauzatu dugu azkenean. Azken urteotako gorakadarekin bat egin dugu, eta 09:00etatik aurrerako salbe eta desfilerako gogoz gara, gu eta beste konpainiak, ilusioz", azaldu du Zubeltzuk.

San Joan egunak duen solemnitate kutsua parranda bilakatzen da gauez, baina, bada, sanjoanetan, goizetik goizaldera bitarte parranda darion egunik: kuadrilla eguna. 25. urteurrena beteko du aurten, eta, hori ospatzeko, txupinazoa botako dute lehen urteko hartako antolatzaileek, ekainaren 23an.

Bezperak berreskuratze bidean

Berrikuntza eta tradizioa uztartze horretan, azken hiru urteotan udal korporazioak ez du ekainaren 23ko bezperetan parte hartu izan; San Joan egunean, berriz, udaletxeko Plaza Zaharretik atera izan da korporazioa.

Gogora ekartzekoa da, 2012. urtean laikotasunaren aldeko pausoa eman zuela EH Bilduko udal gobernuak, mozio bat onartuz. Honakoa zioen: «Udalak izaera zibileko ekitaldiak edo/eta ospakizunak besterik ez ditu sustatuko, eta haietan besterik ez du parte hartuko». Bide horretan, «udalak sinesmen guztiak errespetatu behar» dituela nabarmendu zuen orduko alkate Ibai Iriartek, eta elizkizunetan zinegotziek pertsonalki, herritar moduan,  parte hartzeko askatasuna aldarrikatu zuen.


Iritzien talka sortu zuen mozio hura onartzeak, izan ere, EAJk 2012an azaldu zuenez, «Bilduk laikotasunaren izenean egiten duen aldarriak ez du funtsik, eta kontraesankorra da». Horrela, udalak herriko ohituretan parte hartzea aldarrikatu zuten jeltzaleek: «Gure iritziz, normala da Tolosako herrian errotuta eta bizirik dauden adierazpenetan esku hartzea, udal ordezkari gisa; bai ospakizun zibiletan, bai erlijiozkoetan, horrek ez baitu udala konfesional bihurtzen».
Mozio hark piztutako zeresanaren inguruan, Jesus Mari Arrieta parrokoak ere eman zuen iritzia, alderi guzien joerak onartuz: «Batetik, jaiaren ezaugarriz beteak dira goizeko ekitaldiak, eta herriko hainbat eragilek parte hartzen dute. Bestetik, ordea, santurik gabe ez legoke prozesiorik, eta absurdua litzateke batak bestearekin duen zerikusia kontuan ez hartzea. Begi onez ikusten dut udalbatza udaletxetik irtetea, eta zinegotzi bakoitzak bere erabakia hartzea».


Legealdi bat itxi eta besteari ekin berri dioten honetan, 2015eko sanjoanek ere zenbait aldaketa izango dituztela dirudi.Olatz Peon alkateak azaldu duenez, aurten ekainaren 23ko bezperetan korporazioaren parte hartzea berreskuratu nahi dute; asteartean izango da, 20:00etan. Bide beretik, San Joan eguneko meza nagusiaren ondoren, "momentu berezi hori Andre Maria plazan bertan mantentzea garrantzitsua da". Bertan hasten da hilaren 24ko desfilea, prozesio, bordondantzari nahiz eskopetariekin eta, Peonen, ustez, "festaren gozamenerako garrantzitsua da" festako eragile guztiak bertatik abiatzea: "Horretarako, atzo bertan bilera bat egin genuen festako eragileekin, eta zenbait ordutegi egokitu ditugu momentutxo berezi hori mantentzeko.

Azkenik, zinegotziek elizkizunetara sartzeko edo ez sartzeko "askatasun osoa" izango dutela ere nabarmendu nahi izan du Olatz Peonek.

Egitarau zabal eta anitza errepasatzearekin batera, agerraldia baliatu du Peonek, festa batzordeko kideei eskerrak emateko: "Era berean, egitaraua argitaratu eta zabaltzeko laguntza eskaini duten babesleei eta ekitaldien antolakuntzan diharduten eragileei ere eskerrak. Igaro ditzazuela San Joan jai zoriontsuak, eta izan daitezela uda on baten hasiera".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!