Bi tradizioren uztartzea jaietan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko eka. 15a, 11:42

Tradizioz beteriko jaiak dira Tolosako sanjoanak, ohitura pagano nahiz erlijiozkoekin. Aurten, lehenengoz, Tolosako Udalak laikotasunaren aldeko apustua egin du, eta udalbatza udaletxetik aterako da prozesioan.

Urteko gaurik motzena omen da San Joan bezperakoa. Suaren gainean salto egin, eta urte osoko izpiritu txarrak atzean uztearena jatorri paganoa duen antzina-antzinako tradizioa da, eta Euskal Herrian bereziki sustraitutakoa.

Udaren etorreraren berri ematen duen ospakizunak, Erdi Aroan hartu zuen San Joan bataiatzailearen izena, eta orduz geroztik tradizio paganoek nahiz erlijiozkoek elkarrekin egin izan dute solstizio berrirantzako bidea.

Ospakizun hau berezia da tolosarrentzat. Ekainaren 24an, lizar hostoz jantzitako kaleek, antzinako sineste haiek gogora ekartzen dituzte goizean goizetik, Alde Zaharreko kaleetan. Eguerdiko kanpai hotsek biltzen dute, ordea, jende gehien festa honen inguruan. Santa Maria plazak, eskopetarien pauso azkarrek, erraldoien soineko luzeek, prozesioko irudiek, musika bandak eta bordondantzarien zintzarri biziek, San Joan jaietako unerik berezienetako bat osatzen dute.

Aurten, lehenengoz, Tolosako Udalak laikotasunerantzako pauso bat eman du, azken osoko bilkuran onartutako mozio baten bidez. Modu honetara, udalak erakunde gisa, «izaera zibileko ekitaldiak edo/eta ospakizunak besterik ez ditu sustatuko, eta haietan besterik ez du parte hartuko».

«Sinesmen eta etika aniztasunari errespetua» izatearen garrantzia nabarmendu du Bilduk mozio honen oinarrian: «Laikotasuna demokraziatik bereizi ezin den printzipioa da». Bide horretan, herritar guztien arteko oreka bilatzea da beren helburua: «Oreka bilatzea da kontua. Oreka, Tolosako herritar guztiek duten berdintasun eskubidearen eta erlijio askatasunaren artean», dio Bilduk aurkeztutako mozioak.

Ibai Iriarte alkateak, «udalak sinesmen guztiak errespetatu» behar dituela uste du, eta horregatik laikoa izan behar duela: «Azken urteotan, kultura aniztasuna gero eta handiagoa da Tolosan, eta udalak denak errespetatu behar ditu».

Horrela beraz, Bilduko eta Aralarko udal ordezkarien aldeko bozkek hala erabakita, datorren ekainaren 24an udalbatza ez da San Joan eguneko elizkizunetara sartuko. Dena den, Tolosako alkateak argi utzi nahi izan du, «zinegotziek hiritar moduan eskubide osoa» izango dutela mezara sartzeko edo ez sartzeko.

Ekainaren 24ko ospakizunetan, aldaketa bakarra ekarriko du, honenbestez, Tolosako Udalaren erabakiak: udalbatza udaletxetik irtengo da, bai goizeko prozesioan, baita arratsaldean, Arrameleko San Joan baselizara bidean ere. «Kalean denok batera joango gara, herritar guztion festa baita», azaldu du Ibai Iriartek.

Askotariko iritziak

Bilduko udal taldeak aurkeztutako mozioak, aldeko nahiz aurkako iritziak sortu zituen osoko bilkuran bertan.

EAJ-PNVko zinegotziek, beren aldetik, Bilduren erabakiaren aurkako jarrera hartu du: «Bildu taldeak laikotasunaren izenean egiten duen aldarriak ez du funtsik, eta kontraesankorra da udaleko ordezkariak ospakizun erlijiosoetatik aldentzeko arrazoibideetan».

Bide beretik, jeltzaleen ustez «herri erakundeek ezin dute sinestunen fede-bizitzaren dimentsio sozialaren baztertzea eragin, erlijioaren izaera arlo pribatura mugatuz». Honek guztiak, «ezjakintasun handia» adierazten duela nabarmendu du EAJ-PNVko udal taldeak, eta «kultura eza» ere bai.

Jeltzaleak bat etorri dira Bilduk aurkeztutako mozioarekin, aniztasuna eta demokrazia defendatzeari dagokionez; «gizarte elkarteen eta herri ordezkaritzaren arteko harreman normal eta sanoak» defendatu dituzte. Harreman «normal» horiek, ordea, beste ikuspuntu batetik begiratzen dituzte bi udal taldeek: «Normala da, gure iritziz, Tolosako herrian errotuta eta bizirik dauden adierazpenetan esku hartzea udal ordezkari gisa. Bai ospakizun edo ekitaldi zibiletan, bai erlijiozkoetan, eta horrek ez du udala konfesional bihurtzen».

Finean, beraz, jeltzaleen ustez «aurreiritziz eta sektakeriaz jositako proposamena» da Bildurena. Horrenbestez, «konplexurik gabe» erlijio ekitaldietara joateko deia egin dute, eurak ere joango direla argi utziz: «Udal honek hori baino kategoria gehiago behar du».

Auzi honetan, beste hamaika eragilerekin batera, elizaren beraren iritzia erabakiorra izan da, San Joan eguneko ospakizunetan gerta zitezkeen aldaketei begira.

Tolosako parrokoa da Jesus Mari Arrieta. Udal ordezkariekin bizpahiru bilera egin ditu mozioaren onartzeak San Joan jaiei begira sor zitzakeen aldaketak medio, eta argi azaldu du bere iritzia: «Niri ondo iruditzen zait hartu duten erabakia, eta begirune osoz hartzen dut».

Bide beretik, ordea, San Joan eguneko prozesioak festaren bi aldeak elkartzen dituela ere argi ikusten du: «Batetik, jaiaren ezaugarriz beteak dira goizeko ekitaldiak, eta herriko hainbat eragilek parte hartzen dute: txistulariek, bordondantzariek, eskopetariek,... Bestetik, ordea, santurik gabe ez legoke prozesiorik, eta absurdua litzateke batak bestearekin duen zerikusia kontuan ez hartzea».

Horrela beraz, Arrietak begi onez ikusten du, ekainaren 24an udalbatza udaletxetik irtetea, eta zinegotzi bakoitzak, herritar moduan, bere erabakia hartzea: «Elizako ateak zabalik daude edonorentzat, baina ezin da inor behartu elizara sartzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!