'Tolosan' diskoa Kalean da

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 17a, 15:36

Tolosako txarangak ostiralean aurkeztuko du estudioko lehen lana, kalejiran.

2013ko Iruñeko San Fermin jaietan, Maisonave hotelak antolatzen duen txaranga lehiaketa irabazi zuen Kalean txarangak; sari moduan, disko bat grabatzeko aukera suertatu zitzaien. Horrela, bi urteren buruan, labetik atera berri dute 11 abestiz osaturiko lehen lana. Aurkezpenean azaldu dutenez, izenburuak ezin zuen beste bat izan: Tolosan.

Gaur egun 14 musikari inguru elkartzen dira Kalean txarangaren inguruan eta, Iñigo Alustiza, Jon Otxoa eta Maite Laka izan dira agerraldian, ostiraleko hitzorduaren berri emateko. "Disko bat aurkezteko modurik onena kalean jotzea" dela dio Alustizak eta, bide horretan, ostiralean 19:00etan egin dute zita, Xirimiri kafetegian. 21:00ak bitarte poteo musikatua egin ahal izango da txarangarekin eta, afalorduan, mokadutxoak dastatzeko aukera izango da Fronton kafetegian. Azkenik, 23:00ak bitarte kontzertu txiki bat eskainiko dute diskoko abestiak joz.

Belarri guztientzako ondua

"Gustu eta estilo guztietako jendearengana iritsi nahi izan dugu", dio Otxoak. Horrela, diskoko 11 abestien artean, kalejirak, rock and roll-a, swing-a, kunbiak, euskal kantuen moldaketak nahiz inauteri giroko doinuen moldaketak ere bildu dituzte. Besteak beste, Hertzainak eta Kaotiko taldeen bertsioak eta inauterietako habanera ezagunenekin osaturiko bertsioa ere entzungai izango dira Tolosan diskoan; azken bertsio edo nahasketa hori Iñaki Ibor tronpeta jotzaileak moldaturikoa izan da, eta diskoari izenburua eman dion pieza da: "Tolosan hazitakoak gara, Tolosan bizi gara, Tolosaren izena leku guztietara zabaltzen saiatzen gara. Azken finean, eta, askotan esaten den bezala, zer litzateke Tolosa txarangarik gabe?".

Bide horretan, txaranga tradizionalenen eta modernoenen erdi bidean kokatu duten beren burua, eta azken bi urteotan gertatu zaien guztiaren indarra azpimarratu nahi izan dute: "Guztia oso azkar gertatu da, txaranga sortu zenetik: sortu, saria irabazi, diskoa grabatu eta diskoa argitaratu. Harrapatu egin gaitu, eta intentsitate handiz bizi izan dugu", dio Alustizak. Jon Otxoa, berriz, ados dago kidearekin: "Normalean, txaranga batek disko bat atera aurretik urte dezenteko lana egiten du".

Horrela, beraz, iazko udan Iruñeko estudio batean grabaturikoak eskuragarri dira, jada, Tolosako hainbat taberna eta komertziotan, 5 euroan: Xirimiri, Ikatza, Egoki, Agustin, Baxerri, 66 eta Itaie tabernetan, eta Zunbeltz eta Maria Belen dendetan. Herritar guztiei ostiraleko hitzordurako deia egitearekin batera, eskerrak eman nahi izan dizkiete lagun izan dituzten musikari, argazkilari, tekniko nahiz jarraitzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!