Olatz Peon, Tolosako alkate berria

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko ekainaren 13a

EH Bilduko Ibai Iriartek pasatu dio aginte makila, EAJko Olatz Peoni.

Jeltzaleak Mirentxu Etxeberriaren lana ekarri du gogora bere lehen hitz-hartzean, eta baita senideak ere; aginte makila pasatu dio Ibai Iriartek, lau urteotan Tolosarentzat lan egitea "ohore bat" izan dela nabarmenduz.

Lau urte ditu aurretik, Tolosako alkatetzari neurria hartu eta proposaturikoen alde lanean hasteko. 12:00etan hasitako osoko bilkura jendetsuan hartu du, EAJko Olatz Peonek, Ibai Iriartek emandako aginte-makila, eta urduri eskaini ditu lehen hitzak, alkate moduan. 

Erakunde publikoen lanari dion begirunea azpimarratu du lehenik, bereziki udalgintza nabarmenduz, eta gaurkoa "sekula" ahaztuko ez duen eguna dela ere azaldu du. Bide horretan, Mirentxu Etxeberria Tolosako alkate ohia gogora ekarri du diskurtsoan, eredu duela esanez: "Ez bakarrik Tolosako lehen emakumezko alkatea izan zelako, baita bere lan guztiagatik ere". Azkenik, familia eta senideentzat ere esker hitzak izan ditu Olatz Peonek.

Ibai Iriartek, bere aldetik, gaur itxi du, ofizialki, lau urteko zikloa, "ohorea" izan dela azpimarratuz: "Tolosarentzat lan egitea ohore bat izan da, eta baita lantalde hau alboan izatea ere". Horrela, Peonek "astelehenetik aurrera elkarlanean aritzeko gogoa" azaldu die udalbatzako gainerako alderdiei. Tolosako udalbatza berrian, EAJk bederatzi zinegotzi izango ditu, EH Bilduk zazpi eta PSE-EEk bakarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!